Gizartea -
'Krisia gainditzeko gakoa'
Lehendakariak Lanbide Heziketako III. Euskal Plana aurkeztu du
Patxi Lopezek baieztatu duenez, enpresarien, sindikatuen eta hezkuntza zentroen artean adostutako plan berri honek "herrialde baterako tresna" izan nahi du.
Erredakzioa
Lanbide Heziketako III. Euskal Plana aurkeztu du lehendakariak. Patxi Lopezek Lanbide Heziketari prestigioa emateko beharra azpimarratu du, "krisia gainditzeko gakoa" izan daitekeelako. Lehendakariak ohartarazi duenez, "prestakuntza eskasa duten lagun asko daude, gazteen artean ere". Patxi Lopezen hitzetan, "herrialde baterako tresna" izan nahi du aurkeztutako plan berriak.
Isabel Celaa Hezkuntza sailburua, berriz, Europa mailan Lanbide Heziketa sendotzearen alde agertu da, "ekonomia garatzeko eta enplegua sortzeko motorra" delako.
Miguel Lazpiur Confebaskeko presidentearen ustez, "gizarte lehiakor batek epe ertainera eta luzera behar izango dituen beharrei erantzuteko gai den Lanbide Heziketa bat lortzea izango da gure erronka".
Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluak onartu du eredu berria, erakundeek, sindikatuek, Euskadiko patronala eta hezkuntza zentroek onespena eman ostean. Aurreko plana 2007. urtean amaitu zen eta berriak 2013. urtera arte iraungo du. Eusko Jaurlaritzak maiatzean onartuko du plana behin betikoz.