Gizartea -
IRAGARPENA
Hodeiak, giro freskoa eta euria, maiatzeko lehen astebururako
Ostiralean fronte hotz baten etorrerarekin, ia edonon egingo du euria. Igandera bitartean, tenperatura maximoak 15-16 ºC-ren bueltan kokatuko dira.
EITB.EUS
Maiatzeko lehen asteburua ate joka dugun honetan, eguraldiari dagokionez ez da aparteko aldaketarik espero. Hodeiak, euria eta giro freskoa izango dira nagusi. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako iragarpenaren arabera, gaur hasi eta igandera bitartean tenperatura maximoak 15-16 ºC-ren bueltan kokatuko dira ia Euskal Herri osoan.
Gaur, osteguna, behe-hodeiak nagusituko dira zeruan, eta zirimiri apur bat egingo du isurialde atlantikoan. Itsas haizeak hodeiak ekarriko ditu gurera. Gainera, ez da baztertzen tarteka euri txikia edo zirimiria egitea, bereziki ekialdean, isurialde atlantikoan. Zenbat eta hegoalderago, orduan eta saretuago egongo da zerua; hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, batez ere barnealdean. Maximoak 15-17 ºC ingurukoak izango dira.
Ostiralean, fronte berri baten iritsierak lainoak ekarriko ditu, bereziki, isurialde atlantikora. Giro freskoarekin jarraituko dugu, eta euria egingo du. Hodeiak nagusituko dira ia egun osoan, batez ere isurialde atlantikoan eta egunaren erdiko orduetan. Orduan, euria ia bazter guztietara iritsiko da, eta bezperan baino euri gehiago egingo du. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, eta tenperatura maximoak bere horretan geldituko dira.
Larunbaterako ere, antzeko eguraldia espero da. Iparraldeko haizeak hodeiak bultzatuko ditu isurialde atlantikora, eta euri txikia egingo du noizean behin. Hegoaldean, hodeitza aldakorra izango da: hodeiak eta urdinguneak tartekatuko dira zeruan, eta ateri egongo da. Tenperaturan ez da gorabehera handirik espero, altuenak 15-16 ºC ingurukoak izango dira.
Igandeari begira, hodeiak gutxituz joango dira. Ipar-ekialdeko haizeak lainoak eramango ditu, eta, oro har, egun argiagoa izango da, ekialdean batez ere. Tenperaturetan, ordea, ez da aldaketa handiegirik espero.