Gizartea -
sexu erasoa
Elkarretaratzea egin dute Barakaldon, haur batek izandako sexu erasoak salatzeko
Udalak, alderdi politikoek eta herritarrek bat egin dute mugimendu feministak deitu duen kontzentrazioarekin. Bart emakume batek eraso saiakera jasan zuela jakin da, gainera, bertan.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
12 urteko neska batek Barakaldon izandako sexu erasoak salatzeko, protesta bilkura jendetsua egin dute gaur eguerdian, 12:00etan, Herriko Plazan. Herriko mugimendu feministak deitu dute elkarretaratzea, eta Udaleko bozeramaileen batzordeak bat egin du, baita alderdi politikoek eta herritar anonimoek ere.
300 bat pertsona hurbildu dira protesta lekura, gertatua salatzeko eta biktimari elkartasuna agertzeko. Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeko bozeramaileek salatu dute Barakaldoko azken eraso hau ez dela gertakari isolatu bat "emakumeok gizarte patriarkal honetan jasaten dugun diskriminazioaren eta berdintasun ezaren ondorio baizik".
Mugimendu feministak jakinarazi du autodefentsa feminista tailer bat burutu berri duela adin txikikoekin eta parte-hartzaileen %10ak adierazi diela helduei erasoen berri eman dietenean (gurasoei, irakasleei...) ez dietela sinetsi. Horregatik, adin txikikoek horrelako salaketak egiten dituztenean sinesteko eskatu dute, eta era berean, instituzioak "autodefentsa feminista kurtso gehiago" eman beharko lituzketela gaineratu dute.
Kontzentrazioa egiten ari ziren bitartean, atzo beste eraso bat izan zela Barakaldon jakin dute. Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, 40 urteko emakume batek eraso saiakera bat jasan zuen Foruen ibilbideko metroaren inguruetan. Ustezko erasotzaileak atxilotu egin zuten.
Kasua
52 urteko gizon bat atxilotu zuten ostegunean Barakaldon, adin txikiko alabari behin eta berriz sexu erasoak egin dizkiolakoan. Epailearen aurrean deklaratu ondoren, espetxeratu egin zuten ustezko erasotzailea.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, sei urte zituenetik jasan ditu erasoak biktimak. Irakasle bati kontatu zion gertatzen ari zitzaiona, eta horrek salaketa jarri zuen.
Une honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren babespean dago neska, eta Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, besteak beste, haurraren amak eta anai-arrebek gertatzen ari zenaren berririk ba ote zuten argitzeko.