Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Emakume baten gorpua aurkitu dute Parlako etxe batean, indarkeria zantzuekin
47 urteko emakumeak hainbat salaketa jarriak zituen indarkeria matxistagatik. Polizia bere bikotekidearen bila ari da. Urruntze agindua zuen, baina berriz ere elkarrekin bizi ziren.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Madrilgo Parla herrian 47 urteko emakume baten gorpua aurkitu du Poliziak bere etxean, indarkeria zantzuekin. Lehen ikerketen arabera, indarkeria matxistaren biktima izan dela uste dute ikertzaileek.
Polizia iturriek jakitera eman dutenez, emakumearen senideek desagerpen-salaketa jarri zuten Parlako komisarian, azken egunetan berarekin harremanetan jarri ezinda egon eta gero.
Biktimak indarkeria matxistagatik hainbat salaketa jarriak zituela ikusi eta gero, ikertzaileek susmo txarra hartu zioten kasuari eta ohiko tokietan aurkitzen ez zutenez, atzo 23:00etan bere etxeko atea ireki zuten. Barruan aurkitu zuten emakumea, hilda, indarkeria arrastoekin.
Parlako Udaletik jakitera eman dutenez, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei laguntzeko VioGen protokoloarekin zainduta zegoen emakumea, eta "arrisku baxua" zuen ezarria. Ikerketa iturriek zabaldu dutenez, berriz, bere bikotekideari urruntze agindua jartzea lortu zuen biktimak baina berriro ere elkarrekin bizi ziren.
Gizon horren bila ari da orain Polizia.
Parlako Udalak hiru eguneko dolua ezarri du, bihartik hasita, eta kontzentrazioa deitu du bihar eguerdirako.
Ikerketa sekretupean geratu da.
-----------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.