Gizartea -

Indarkeria matxista

Parlako emakumearen ustezko hiltzailea 30 aldiz atxilotu dute azken urteetan

Otsailean, urruntze agindua urratzeagatik atxilotu zuten. Polizia haren bila dago orain. Hildako emakumeari biktimen protokoloa ezarri zioten, baina arrisku txikia aitortuta.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Parlan (Madril) eraildako emakumearen ustezko hiltzailea 30 aldiz atxilotu dute azken urteetan hainbat auzi tarteko, ikerketako iturriek jakinarazi dutenez. Espainiako Polizia haren bila ari da orain.

Azkenekoz otsailean atxilotu zuten, emakumearengandik urruntzeko zuen agindua urratu eta gero. Bizilagun batek Poliziari deitu zion bikotearen sesio bat entzutean, eta agenteek etxebizitzan atxilo hartu zuten gizonezkoa.

Azkenaldian elkarrekin bizi zen bikotea. Hain zuzen, atzo etxebizitza horretan topatu zuten agenteek emakumearen gorpua, indarkeria zantzuekin.

Senitartekoek emakumearen berri ez zutela salatu zuten pasadan astean, eta haren bila hasi ziren Parlako komisariako agenteek. Bizilagunek ohartarazi zutenez, etxebizitzan ez zen hotsik entzuten. Gainera, emakumeak sarri erabiltzen zituen sare sozialak utzita zituela ohartu ziren ikerlariak.

Asteazkenean hil zutela uste dute, baina autopsiak berretsi beharko du datua.

Genero indarkeriagatik salaketak izan direla eta, hilketa matxista gisa ari dira ikertzen.

Parlako Udaleko iturriek zehaztu dutenez, indarkeria matxistaren biktimak artatzeko protokoloa ezarri zioten emakumeari, baina arrisku txikia aitortuta.

_______________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Madril Tratu txarren biktimak Matxismoa