Gizartea -
EAE-ko FISKALTZA NAGUSIA
Ile transplante baterako anestesia emana zuen gizon baten heriotza, ikerketapean
Pazienteen Defentsarako Elkartearen arabera, baliteke emandako anestesia kopurua egokia ez izatea edota ebakuntzaren aurreko prozesuan akatsen bat izatea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
39 urteko gizonezko bat hil zen joan den apirilaren 27an, Bilboko klinika pribatu batean ile transplante bat egiteko anestesia eman eta gero. Heriotza hori argitzeko ikerketa zabaldu du Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak, Pazienteen Defentsarako Elkarteak eskatuta.
Lehendabizi, klinika pribatuan bertan saiatu ziren gizona suspertzen, baina ezin zutela ikusita, Basurtuko Ospitaleko larrialdietako zerbitzura eraman zuten. Handik, berriz, Santanderreko erietxe batera bidaltzea erabaki zuten, kantabriarra baitzen. Bertan zendu zen.
Pazienteen Defentsarako Elkarteak Fiskaltzara igorritako salaketa-idatziaren arabera, baliteke gizonari emandako anestesia kopurua egokia ez izatea edota ebakuntzaren aurreko prozesuan akatsen bat izatea.
Ile transplantea egin behar zioten klinikako arduradunen hitzetan, berriz, emandako anestesia kopuruak ez du zerikusirik heriotzarekin. Halako transplanteak egiten bost urte daramatzatela eta orain arte ez dutela arazorik izan argitu dute.