Gizartea -

Nafarroa

Alesbesko erlezain bat ikertzen ari dira, erleek lau emakumeri eraso egin ondoren

Emakumeak zaldi gainean txangoa egiten ari ziren landa-bide batetik, Tafallatik gertu, erleek eraso zietenean.

Erlauntzak Alesbeseko lursailean. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Alesbeseko erlezain bat ikertzen ari dira, erleek lau emakumeri eraso egin ondoren.
Erlauntzak Alesbeseko lursailean. Argazkia: Nafarroako Gobernua

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoa Alesbesko (Nafarroa) 50 urteko erlezain bat ikertzen ari da, haren erleek lau emakumeri eraso dietelako. Biktimak zaldiz paseatzen ari zirenean jasan zuten erasoa.

Foruzaingoak jakitera eman duenez, emakumeak zaldi gainean txangoa egiten ari ziren landa-bide batean, Tafallatik gertu, erleek eraso zietenean.

Lursail batetik pasatzerakoan milaka erlek eraso zietela azaldu dute lau emakumeek. Gorputz osoan eztenkada ugari eman zizkieten.

Biktima batek, korrika, lokatzez beterik zegoen kanal batera ihes egin zuen. Erasorik ez jasotzeko bertan murgildu zen, baina burua kanpoan mantendu behar zuen, arnasa hartzeko. Ondorioz, eztenkadak jaso zituen aurpegian eta buruan.

Beste biktima bat zaldi gainetik erori zen erasoan, eta orno bat hautsi zuen.

Une horretan, telefonoz laguntza eskatu zieten hipikako arduradunei, eta berehala bertaratu ziren. Eztenkadak eragozteko, burua arroparekin estali behar izan zieten. Horrela aldendu ziren bertatik bezeroak eta zaldiak, hipikako lankideen laguntzarekin.

Hipikako gidariaren hitzetan, aurreko egunean erlauntzak ez zeuden bertan; izan ere, ibilbide bera egin zuten beste bezero batzuekin batere arazorik gabe.

Las abejas alrededor de las colmenas. Foto: Policía Foral

Erleak erlauntzen inguruan. Argazkia: Foruzaingoa

Zaldiek erleen eztenkada ugari jaso zituzten, batez ere sorbaldan, lepoan eta buruan. Hantura eta mina eragin zieten, baita gose falta eta mugitzeko zailtasuna ere.

Biktimak Tafallako osasun zentroan artatu zituzten.

Foruzaingoaren patruila bat bertaratu zen, eta, agenteek erlauntzak aurkitu baino lehen, erle kopuru handi batek autoaren kristalak gogor jo zituen. Handik metro batzuetara, 50 bat erlauntz topatu zituzten.

Foruzainek ezin izan zuten ibilgailutik atera, erlauntzak identifikatu edo horien berri emateko seinalerik ote zegoen egiaztatzeko.

Ondoren, Ingurumen Ikerketa Taldeko foruzainek zonaldea arakatu, eta ustiategia eta jabea identifikatu zituzten. Salaketa jarri dute haren aurka, herri-bide batetik gutxieneko distantzia ez errespetatzeagatik eta Udalaren baimenik ez izateagatik.

Era berean, arduragabekeriarekin lesioak eragitea leporatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Foruzaingoa