Gizartea -
EPAIKETA
Hasi da 3 gizonen aurkako epaiketa Bilbon, emakume bati sexu-abusuak egitea egotzita
Fiskaltzak 80 urte inguruko espetxe zigorra eskatu hiru akusatuentzat. Lehendabiziko saioan hiru auzipetuek nahiz erasoaren biktimak deklaratu dute. Epaiketa ateak itxita egiten ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilbon emakume bati sexu-abusuak egitea eta erasoa sakelako telefonoarekin grabatu eta WhatsApp bidez zabaltzea egotzita, hiru gizon hasi dira epaitzen gaur goizean Bizkaiko Lurralde Auzitegian.
Nekane San Miguel magistratua da epaimahaiko presidentea. Epaiteka ateak itxita egitea erabaki dute. Lehendabiziko saioa 10:00etan hasi da, hiru akusatuen deklarazioarekin. Hirurek esan dute errugabeak direla.
Ondoren biktimaren txanda iritsi da eta sexu-erasoa jasan zuela berretsi du. Gertakariak 2017an jazo ziren eta orduan emakume gazteak 18 urte zituen.
Biktimaren aitak ere eman du bere testigantzak gaurko saioan. Erasoaren egunean bera joan baitzen alabaren bila Bilboko Santutxu auzora.
Lehendabiziko saioak lau ordutik gorako iraupena izan du eta, esan bezala, ateak itxita egin dute.
'La Manada' auziarekin gertatu zena saihesteko, kasuari buruzko xehetasunak publiko ez egiteko eta biktima babesteko asmoz, Nekane San Miguel magistratuak eta alde guztiek –Fiskaltza, akusazio partikularra eta defentsa- epaiketa ateak itxita egitea erabaki zuten duela egun batzuk.
Horrenbestez, auzitegian ez da kazetaririk izango. Biktimaren eta akusatuen senideak soilik sartu ahalko dira epaitegian. Halaber, abokatuek ezingo dute epaiketari buruzko informaziorik eman, auzia sekretupean mantentzeko eta biktimaren intimitatea bermatzeko.
Hiru auzipetuek 20 eta 28 urte zituzten gertakariak jazo zirenean. Egun behin-behineko espetxealdian daude. Fiskaltzak ia 80 urte arteko kartzela-zigorrak eskatu ditu, eta akusazio partikularrak 100 urtetik gorakoak.
Defentsako abokatuek, berriz, absoluzioa eskatu dute.
Akusazioaren arabera, Bilboko Santutxu auzoko Solokoetxe inguruan gertatu zen erasoa, dantzaleku batetik atera berritan, 2017ko urtarrilaren 14an, goizaldean. Biktima edanda zegoela baliatuta, hiru gizonek neska gaztea inguratu zuten eta sexu-abusuak egin zizkioten.
Inguruko segurtasun kamerei esker identifikatu eta aurkitu ahal izan zituzten akusatuak.
Epaiketak bihar jarraituko du. Bigarren saioan lekukoen txanda izango da, eta ondoren ikerketaz arduratu ziren ertzainek deklaratuko dute.
________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.