Gizartea -

Kontrol kanpaina

Kontsumobidek 84 arrandegi ikuskatuko ditu gaurtik aurrera

Arrain freskoaren etiketen eta trazabilitatearen inguruko araudia betetzen ote den egiaztatuko dute, eta hala ez balitz, zigorra jarri.

Arraindegi bat, ETBko bideo batetik ateratako argazki batean.
Arraindegi bat
Arraindegi bat, ETBko bideo batetik ateratako argazki batean.

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Arrantza Ikuskaritza Zerbitzuak arrain freskoaren etiketak eta trazabilitatea ikuskatzeko kanpainaren bigarren fasea hasiko dute gaur, maiatzaren 7an. Ikuskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 84 arrandegi, supermerkatu eta hipermerkatutan izango dira araudia betetzen dela egiaztatzeko.

Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, 2018an araudia betetzen ez zuten establezimenduei ere egingo diete ikuskaritza, baita beste berri batzuei ere, eta etiketatuan hutsak zuzendu ez dituztela ziurtatuz gero, zigorra ezarri ahal izango diete.

Kontsumobideko ikuskatzaileek egiaztatuko dute saltokiek exijitzen zaien nahitaezko informazioa eskaintzen ote dieten kontsumitzaileei, salgaien etiketetan, karteletan edo taulatxoetan.

Jaurlaritzak gogorarazi duenez, Europar Batasunak (EB) behartu egiten ditu saltokiak espezieen izen komertziala eta izen zientifikoa erakustera, baita alea itsasoan edo ur gezan harrapatua izan den edo haztegikoa den, arrainak harrapatu diren urak nongoak diren edo haien hazkuntza aldia amaitu den herrialdea, erabilitako arrantza arteak, edota produktua aurretik desizoztu den. Gainera, derrigorrezkoa da prezioa adieraztea.

Trazabilitatea

Horrez gain, derrigorrezkoak diren erreklamazio orriak saltokian ote dauden egiaztatuko dute, baita bezeroei orri horiek eskura dituztela adierazten dieten kartelak ere.

Halaber, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzako Arrantza Ikuskaritza Zerbitzua arduratuko da trazabilitatea analizatzeaz, eta horretarako arrantzako produktuekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioan biltzen diren datuak ziurtatuko dituzte: harrapatu, garraiatu eta banatu direnetik kontsumitzaileen eskueran jarri diren arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Kontsumoa Arrantza KontsumoBIDE gaur