Gizartea -
Epaiketaren zain
Barakaldoko Larrea ikastetxean izandako borrokagatik atxilotutako bi anaiak, aske
Bestalde, borrokan jipoitutako bikotea asteazken honetan atxilotu dute Justiziaren eskabideengatik. Era berean, aske utzi dituzte deklaratu ondoren.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan asteartean atxilotutako bi anaiak aske utzi dituzte asteazken honetan, baina epaiketaren zain. Barakaldoko (Bizkaia) Larrea ikastetxe publikoan bi familiako kideen arteko borrokan arma zuriarekin eraso egitea egotzita atxilotu zituzten.
24 eta 26 urteko bi anaiak Gurutzetako Ospitalean artatu ondoren atxilotu zituzten. Liskarrean, ikastetxeko kristalak hautsi eta ebakiak egin zituzten.
Antza denez, egun bat lehenago adingabeen artean izandako arazo bat tarteko, bi atxilotuek ikasleetako baten gurasoei eraso zieten arma zuriak eta kristalak erabiliz, eta su-itzalgailu baten edukia beraien gainean hustu zuten.
Epaitegian deklaratu ostean, bi anaiak aske utzi dituzte asteazken honetan, baina epaiketaren zain.
Bestalde, borrokan jipoitutako bikotea asteazken honetan atxilotu dute, Justiziaren bi errekisitoria zeudelako horien kontra. Deklaratu ondoren, baina, aske utzi dituzte biak, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.