Gizartea -

Gaixotasuna

Fibromialgia askotan ikusezina eta sinesgaitza dela deitoratu du Eusko Jaurlaritzak

Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Sindromearen Nazioarteko Egunaren harira, gizartean gaixotasun horiek ezagutzera ematea ezinbestekoa dela esan du Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.

Fibromialgia eta Neke Kronikoaren sindromearen Nazioarteko Eguna (2018). Argazkia: ETB
Fibromialgia eta Neke Kronikoaren sindromearen Nazioarteko Eguna, Gasteizen.
Fibromialgia eta Neke Kronikoaren sindromearen Nazioarteko Eguna (2018). Argazkia: ETB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoan fibromialgia edo neke kronikoa diagnostikatuta duten pertsona ugari egon arren, gaixotasun ikusezinak direla eta askotan sinesgaitzak izan daitezkeela ziurtatu du Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako saileko Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.

Erronka berriak, ulermena erraztea’ lelopean, ASAFIMA elkarteak, Fibromialgia eta Neke Kronikoaren Sindromearen Nazioarteko Egunaren harira, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian antolatutako jardunaldietan parte hartu du Solak igande honetan.

Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak nabarmendu duenez, ezinbestekoa da gizartean gaixotasun horiek ezagutzera ematea, izan ere, gaitz horiek dituzten pertsonek erabateko nekea sentitzen dute, eta horrek muga asko jartzen dizkie egunerokoan. Hala, herritarrak jabetzea eskatu du, fibromialgia edo neke kronikoa duten gaixoak modu egokian artatu ahal izateko.

Ezagutzen ez diren gaixotasunak dira horiek, izan ere, fisikoki ez du gaixo daudenik ematen, eta azterketa medikoetan oso zaila da fibromialgia diagnostikatzea. Medikuek ikerketa klinikoak izaten dituzte kontuan, kasu bakoitza banaka aztertuz eta gaixoari miaketa fisikoa eginez”, azaldu du Solak.

Hala, askotan “ezagutzen ez diren gaixotasunak” dira, eta gizartean ikusezinak izateaz gain, askotan sinesgaitzak direla nabarmendu du Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak. Ondorioz, gaixotasun horiek dituzten pertsonek uneoro “gaixo daudela frogatu behar” dutela gaineratu du.

Gauzak horrela, gaitz horiek benetakoak direla azpimarratu du Solak, eta ASAFIMA elkarteak “bakardade sentimenduaren kontra” egiten duen lana goraipatu du. Azkenik, gainerako herritarrak bezala “errespetua” merezi dutela esan du Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE albisteak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa