Gizartea -
Gipuzkoa
Epaileak Elgoibarko atxilotua espetxera bidali du hilketa egotzita
Atxilotua ertzain-etxean zegoen, gaur epailearen esku jarri duten arte. Homizidioa eta lesio delituak leporatu dizkio epaileak.
Agentziak | Erredakzioa
Iragan larunbat goizaldean, Elgoibarren (Gipuzkoa), pertsona hiltzea egotzita atxilotu zuten gizona Martuteneko espetxera bidali du epaileak astearte honetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Atxilotua ertzain-etxean zegoen, gaur epailearen esku jarri duten arte. Homizidio eta lesio delituak leporatu dizkio epaileak. Deklaratzeari uko egin dio atxilotuak, ETBk zehaztu duenez.
Ertzaintza frogak batzen saiatu da azken orduetan. Igande goizean Elgoibarren mendi lasterketan parte hartu zutenei laguntza eskatu zaie.
Hildakoa, Pablo Acuñaren gorpua, Nikaraguara eraman nahi dute dute. Familia eta lagunak diru-bilketa egiten ari dira. Lokutorioetan kutxak jarri dituzte. Guztira, 7.000 euro behar dituzte.
Bazkari solidario bat egitekoak dira datozen egunetan. Bestalde, gaur 20:00etan, Elgoibarko beheko elizan, meza egingo diote.
Pablo Acuñak bi arreba eta seme bat ditu Euskal Herrian eta, antza denez, Nikaraguan beste bi umeren aita da. Duela urtebete etorri zen Euskadira, taxilaria izatetik pintore lanetara pasa zen Elgoibarren, eta gustukoa omen zuen ogibide berria.
Gertakaria 05:50 aldera jazo zen. 35 urteko atxilotuak 36 urteko hildakoari eta haren bikotekideari (37 urte) arma zuri batekin eraso egin zien, Elgoibarreko San Ignazio kalean.
Emakumea zauritu zuen, eta Mendaroko ospitalera eraman behar izan zuten.