Gizartea -

Azken saioa

Solokoetxeko bortxaketaren auzia, epaiaren zain

Hiru akusatuei ia 80 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak berriro. Akusazio partikularrak, ostera, 100 baino gehiagoko zigor eskaera mantendu du.

Ertzaintzaren furgoneta bat Bilboko epaitegietan. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Ertzaintzaren furgoneta bat Bilboko epaitegietan.
Solokoetxe auzia epaiaren zain geratu da

1:21

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru akusatuei ia 80 urteko espetxe-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak berriro. Akusazio partikularrak, ostera, 100 baino gehiagoko zigor eskaera mantendu du. 2017an, Bilbon, ustez 18 urteko neska bat bortxatu, erasoa grabatu eta mugikorrarekin zabaldu zuten akusatuek.

Ateak itxita, ahozko lau saio egin dituzte epaiketan. Astearte honetan auzia epaiaren zain geratu da. Hiru gizonen absoluzioa eta askatasuna eskatu dute defentsek.

Goizeko saioan, azken txostenak aurkeztu dituzte aldeek, hasierako txostenekin alderatuta aldaketa gutxirekin. Horrela, Fiskaltzak ia 80 urteko zigor eskaera berretsi du. Gizonak 20 eta 28 urte arteko gazteak ziren erasoa gertatu zenean.

Akusatu bakoitza beste biak egindako abusu delituen konplize edo egilekidea izan zela epaiketan zehar frogatu dela uste du Ministerio Publikoak, biktima babesgabearen larrigarriarekin.

Abusuak grabatu eta bideoa zabaltzeagatik; izan ere, akusatuetako batek Whatsapp bidez igorri zuen, sekretuen jabe egin eta zabaltze delitua leporatzea eskatu du fiskalak.

Horrela, bi akusaturi 26 urteko kartzela-zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak, eta hirugarrenari 27 urte. Era berean, biktimari 15.000 euroko kalte-ordaina ematea exijitu du.

Erasoa gertatu zen gauean 18 urte zituen biktimaren ordezkariek (akusazio partikularra) 100 urte baino gehiagoko espetxe-zigorra ezartzea eskatu dute. Bi akusaturi 39 eta 38 urteko zigorra ezartzea eskatu du, eta hirugarrenari 29.

Defentsak absoluzioa eskatu du

Defentsek, aldiz, akusatuen errugabetasuna defendatu dute, sexu-harremanak baimendutakoak izan zirela argudiatuta. Horrela, hiru gizonak absolbitzea eskatu dute.

Akusazioen arabera, 2017ko urtarrilaren 14an erasoa vending batean gertatu zen, Solokoetxen (Bilbo). Akusatuak eta biktima dantzaleku batetik atera eta bertara joan ziren.

Fiskalak eta akusazio partikularrak azaldu dutenez, bertan zirela akusatuek neska inguratu zuten, eta eraso egin zioten, bere onean ez zegoela jakinda; izan ere, neskak alkohola edan zuen.

Epaiketa ateak itxita egin dute. Hala ere, auzitegiko presidenteak inplikatuen zenbait senitartekori ahozko saioetara sartzen utzi die.

Behin-behineko espetxealdian dauden hiru akusatuak aske uztea eskatu dute defentsek azken saioan. Epaia eman baino lehen edo sententzian bertan erabakiko du epaimahaiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista Bizkaia Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa