Gizartea -
HARRAPAKETA
Hil egin da txirrindulari batek Amurrion harrapatutako 62 urteko emakumea
Emakumeen Arabako Itzulian gertatu zen ezbeharra igandean. Emakumeak oinezkoentzako itxita zegoen tokitik bidea gurutzatu zuen eta helmuga marra gainditu berri zuen txirrindulari batek harrapatu zuen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txirrindulari batek igandean Amurrion harrapatu zuen 62 urteko emakumea atzo hil zen. Emakumeen Arabako Itzuliko parte-hartzaile batek harrapatu zuen, helmugako marra gainditu ostean, publikoarentzat hesiz itxita zegoen eremu batean.
Gorpuaren lekualdaketaz arduratu den ehorztetxeko iturriek baieztatu diote heriotza EFE albiste-agentziari. Harrapaketa 13:00etan gertatu zen, Aldai kaleko 2. zenbakian, Emakumezkoen Arabako Itzulian.
62 urteko emakumeak zebrabide bat gurutzatu zuen, Kantabriako talde batekin lehiatzen den txirrindulari asturiar bat bertatik abiadura handian pasatzen ari zenean.
Lasterketaren antolatzaileen arabera, publikoarentzat hesiz itxita zegoen zebrabidea; senideen arabera, berriz, ez zegoen hesituta.
Istripuaren atestatua Ertzaintzak hartu du bere gain, Amurrioko Udaltzaingoak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Ertzaintzaren arabera, berriz, antolatzaileek egiaztatu beharko dute hesiz itxita zegoen ala ez, aseguru-etxeekin konpontzeko.
Txirrindulariak ikuslea jo zuen, eta ospitalera eraman zituzten biak, zaurituta.
Kirolariak ez zuen zauri larririk, eta igandean bertan eman zioten sendagiria, baina 62 urteko emakumea ospitaleratuta gelditu zen, larri.
Azkenean, emakumea Gurutzetako Ospitalean hil zen atzo. Gorpua Institutu Anatomikora eraman dute, autopsia egitera.