Gizartea -

Istiluak

San Frantzisko auzoan egindako karga poliziala salatu du SOS Arrazakeriak

SOS Arrazakeriaren iritziz, herritarrak “izututa eta erabat nekatuta” daude auzoan arraza arrazoiengatik egunero egiten dituzten identifikazioekin.

San Frantzisko auzoan izandako istiluak. Argazkia: EiTB
San Frantzisko auzoan egindako karga poliziala salatu du SOS Arrazakeriak
San Frantzisko auzoan izandako istiluak. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazkenean Bilboko San Frantzisko auzoan izandako istiluetan Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako karga poliziala “gehiegizkoa eta bortitza” izan zela salatu du gaur, ostirala, SOS Arrazakeriak elkarteak.

Bilboko Udaltzaingoaren esanetan, oinezkoak izorratzen zegoen pertsona bat identifikatzera hurbildu ziren lekura. Alabaina, istiluak sortu ziren gizonezkoa eta berarekin zeuden beste hiru lagunak identifikatzeko orduan, eta udaltzainek laguntza eskatu behar izan zuten. Ertzaintza lekura hurbildu zen, eta herritarren aurka kargatu zuen bortxaz, inguruan zeuden pertsonak sakabanatzeko. Gizonezkoa, heriotza mehatxuak eta agintariei eraso egitea egotzita atxilotu zuten.

Ildo horretatik, auzotarrek karga polizial horren osteko uneak grabatu zituztela azpimarratu du SOS Arrazakeriak, eta irudi horiei esker San Frantzisko auzoan “benetan gertatu zena” ikus daitekeela gaineratu du elkarteak.

Istiluak izan dira Bilboko San Frantzisko auzoan
Istiluak izan dira Bilboko San Frantzisko auzoan
Istiluak izan dira Bilboko San Frantzisko auzoan

0:46

“Gertatutakoa gehiegizko karga polizial bortitz baten ondorio da; egunero arraza arrazoiengatik identifikatzera behartuta dauden herritarren erantzuna. Auzotarrak oso nekatuta daude poliziaren presiopean bizi direlako”, ziurtatu du SOS Arrazakeriak. Ildo horretatik, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak auzoan egindako “sarekada arrazistak” askotan salatu dituztela gogora ekarri du elkarteak.

SOS Arrazakeriaren iritziz, herritarrak “izututa eta erabat nekatuta” daude auzoan egunero egiten dituzten identifikazioekin. “Migratzaileak kanporatzea helburu duen jokabide politikoagatik ezartzen dute horrenbesteko presioa”, gaineratu du elkarteak.

“Oinezkoei eraso egin zieten agenteak identifikatu eta horien aurka hartu beharreko neurriak har ditzatela exijitzen dugu”, esan du SOS Arrazakeriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Azken ordukoa Bizkaia Delituak albisteak Arrazismoa Euskadin Gizartea albisteak Albisteak Gaur Albisteak