Gizartea -

Eguraldia

Uholdeak eta lur-jausiak eragin ditu euri jasak Gipuzkoan

Euri jasa handien ondorioz, zenbait tokitan lur-jausiak izan dira, eta Lezon (Gipuzkoa) GI-636 errepidea itxi dute. Gero, zirkulazioa bere onera etorri da.

Oria ibaia. Argazkia: Txomin Rezola
Oria ibaia. Argazkia: Txomin Rezola
Euria erruz bota du Gipuzkoan, eta arazo ugari sortu ditu errepidean

1:59

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euria izan da asteburu honetako protagonista nagusia, eta, azken orduotan, uholde txikiak sortu dira Donostia, Oiartzun, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Irun inguruan. Ibaien emaria nabarmen igo da, eta urak arazo batzuk utzi ditu goizaldean Euskal Herriko hainbat tokitan. Larrialdi zerbitzuek arreta berezia jarri behar izan dute kostaldean eta Gipuzkoa ipar-ekialdean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, Oiartzun eta Bidasoako arroetan "hainbat gertakari suertatu dira", eta maila laranjara igo dira. Halaber, Ereñotzuko estazioa (Urumeako arroan) maila horira iritsi da, eta bidea itxi dute Hernani eta Ereñotzu artean.

Errenterian, Oiartzun eta Fanderia errekek gainezka egin dute, eta herrigunean, berriz, Landare elkartean ura sartu da eta Herriko taberna argirik gabe geratu da. Irunen ere hainbat etxepetan sartu da ura. Oiartzun inguruan, Bidasoa ibaiaren arroetan uholdeak izan dira, eta Hernanin, futbol zelaia urez gainezka geratu da.

Gainera, azken orduotako euri jasa handien ondorioz, zenbait tokitan lur-jausiak izan dira, eta Lezon (Gipuzkoa) GI-636 errepidea itxi behar izan dute, bi norabideetan, Trafiko Zuzendaritzak jakitera eman duenez. Garbiketa zerbitzuko langileak lekuan izan dira goiz osoan, bazterrak garbitzen.

Arratsaldean, lanak amaituta errepidea ireki dute berriro, eta zirkulazioa bere onera etorri da. Gipuzkoako errepideetan arazo ugari eragin dituzte prezipitazioek, eta zenbait tokitan lur-jausiak izan dira.

Ildo horretatik, arretaz gidatzea eta abiadura moteltzea aholkatu du Trafiko Zuzendaritzak. Halaber, Hernani eta Ereñotzu artean bidea itxi dute, euria dela eta. Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, azken orduotako euri jasek ur putzu handiak sortu dituzte.

Bizkaian ere euri jasa handiak izan dira igande goizean, eta Lekeition ‘Haratzago’ lelopean ospatzen ari diren Bizkaiko ikastolen aldeko jaia zapuztu du eguraldiak. Dena dela, euskaltzale ugari murgildu da Ibilaldian. Gainera, Gorlizen, ‘XIII. Triatloia Gorlizko Badia’ lasterketa bertan behera geratu da, eguraldia dela eta.

Iruñean, Takonera parkearen ondoan, Sortzen Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko elkartearen jaia ospatzen ari dira. Alabaina, goizeko ekitaldiak bertan behera geratu dira, euria dela eta.

Arazo nagusiak eguneko lehen orduetan jaso dira, baina goizean egoera korapilatsua izan ostean, arratsaldean normaltasunera itzuli dira errepideak, itsasgora pasa ondoren.

Hernaniko errugbi zelaia ur azpian geratu da, euriteen ondorioz
Hernaniko errugbi zelaia ur azpian geratu da, euriteen ondorioz
Hernaniko errugbi zelaia ur azpian geratu da, euriteen ondorioz

0:10

Euskalmet Euskal Meteorologia agentziak abisu horia ezarri zuen atzo, larunbata, Bizkaian eta Gipuzkoan, prezipitazio handiengatik. Arratsaldean, atertzera egingo du Bizkaia barnealdean eta Araba hegoaldean, baina gainerako tokietan euria egiten jarraituko du. Hala, abisu horiak 15:00ak arte jarraitu du indarrean.

Artikuntzan, metro koadroko 123 litro pilatu dira azken 24 orduotan; 93 Añarben, 91 Oiartzunen eta 71 Miramonen. Donostia eta Oiartzungo udalerriek kudeatzen duten Añarbeko urtegian, metro koadroko 184 litro pilatu dira ostiraletik igandera bitartean, hau da, hilabete osoan biltzen dena (metro koadroko 171 litro) baino % 107 gehiago.

Dena dela, goizean ez dituzte ireki Añarbeko urtegiaren hustuketa-balbulak, eta uneotan % 81,62an dago beteta Donostiako herritarrak hornitzen dituen urtegia.

Euskalmetek iragarri duenez, astelehenean argitzera egingo du. Goizaldean eta goizean goiz tanta batzuk bota ditzake, bereziki ipar-ekialdean, baina oro har egunean zehar hodeiak eta ostarteak izango ditugu. Arratsaldera begira, zerua argituz joatea espero da.

Gauzak horrela, tenperatura igo egingo da, altuenak 16-17 ºC ingurukoak izango dira; barnealdeko zenbait lekutan eta hegoaldean apur bat altuagoak.

Testuinguru horretan, sare sozialetan eguraldiaren inguruko bideo eta argazki ugari zabaldu dituzte erabiltzaileek. Pertsona asko harrituta agertu dira azken orduotako prezipitazio iraunkorrekin, eta Twitterren zabaldu dituzten mezuetan ibaiak handituta jaitsi direla eta hainbat tokitan gainezka egin dutela azaldu dute:

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoako albisteak Hernani bideoak Eguraldia Gizartea Albisteak Gaur Irun Pasaia Errenteria Oiartzun bideoak Eguneko albisteak