Gizartea -
Indarkeria matxista
Kiromasajista bat zigortu dute Iruñean bezero bati sexu-abusuak egiteagatik
Erasotzaileari 15 hilabeteko espetxealdia ezarri dio epaileak. Horrez gain, beste bi salaketa jarri dituzte gizon honen aurka.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iruñeko Auzitegiko epaile batek 15 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio kiromasajista bati –gizona- bezero bati –emakumea- sexu-abusuak egin izana egotzita. Ebazpenaren arabera, "kontratutako masajeak hala eskatu ez arren, ipurdian, titietan, pubisean eta baginan ukituak egin zizkion".
Aipatzeko da beste bi salaketa jarri dituztela gizon honen aurka Iruñeako epaitegian. Auzi horietako bat ikertzen ari dira, eta bestean behin-behinean artxibatu egin dute.
Epaiketa urtarrilaren 16an egin zuten. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bi urteko kartzela-zigorra eskatu zuten gizonarentzat; defentsak, berriz, absoluzioa galdegin zuen.
Azkenean, 15 hilabeteko espetxealdia ezarri diote. Halaber, 2.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio biktimari.
Nolanahi ere, epaiaren aurka helegitea aurkezteko aukera izango du.
Gertakariak 2017ko urriaren 27an jazo ziren, kiromasajista horrek Iruñean duen establezimenduan.
_____________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.