Gizartea -
Polemika
'Homosexualak izatea ekiditeko' zentroa ireki dute Malaysian
Erreformatorioa ireki dute "emakume jarrerak dituzten nerabeei gizonen formak irakasteko" eta modu horretan "homosexualak izatea ekiditeko"; dagoeneko 66 mutil daude bertan
Erredakzioa
Malasiako estatu batean erreformatorioa ireki dute emakume jokaerak dituzten nerabeei gizon-formak irakatsi, eta horrela "homosexualak izatea ekiditeko".
Ireki berri duten zentroa Terengganu estatuan dago, herrialdearen ekialdean eta horixe da hain zuzen ere, Malaysiako estaturik kontserbadoreenetakoa. Dagoeneko 66 nerabe daude bertan, guztiak 13 eta 17 urte arteko mutilak, eta ikastetxeetako irakasleek ustez "emakumeen tankerakoak" diren formak ikusi zizkietelako bidali dituzte zentro horretara, "Star" egunkariak adierazi duenez.
Estatuko "barnetegi" horretan dauden bitartean, nerabeek astean gutxienez lau egunetan "gorputz heziketa eta erlijio ikasketak" jasoko dituzte eta tutoreek gomendioak emango dizkiete "maskulinotasunez" jokatzen ikas dezaten.
Razali Daudek, Terengganuko Hezkuntza zuzendariak prentsari esan dionez, kurtso horiekin nerabeak "homosexualak izatea" ekidin nahi dute.
Ekimenak dagoeneko kritika zaparrada jaso du genero berdintasunarekin konpromisoak dituzten taldeen aldetik, eta Kuala Lumpurreko gobernu zentralak erreformatorioa "berehala" ixteko eskatu du, adingabeen babeserako legea urratzen duela argudiatuz.
Genero Berdintasunerako Taldeak zentroa jarri izana gaitzetsu du eta "aurreiritziak eta homofobia sustatzeko soilik" balio duela azpimarratu du.
Malaysiako legedia
Malaysian homosexualen arteko sexu-harremanak debekatuta daude eta inork mantendu dituela frogatzen bada, 20 urte arteko kartzela zigorrak ekar ditzakete
Egun, Anwar Ibrahim oposizioko liderra epaitzen ari dira sodomia delitua egotzita; tribunalak 15 urteko kartzela zigorra jarri dio, nahiz eta aske utzi dute zazpi urtez espetxean egon ostean.