Gizartea -
Trafiko operazio berezia
Hiru zauritu arin eta auto-ilara batzuk, Aste Santuko irteeran
Biriatun, auto-ilarek 12 kilometroko luzera izan dute. Bestalde, ia 4.000 ibilgailuk erabili dute A-8ko errei-itzulgarria 10:00ak 14:00ak artean.
Erredakzioa
Hiru zauritu arin izan dira Barakaldon gertatutako istripu batean, eta udalerri horretan eta Biriatu eta Zarautzeko bidesarietan izandako auto-ilarak dira EAEn, ostegun honetan, Aste Santuko oporretako irteeran egon diren jazoera nagusiak.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, A-8 autopistan Cantabria aldera, 12:30ean, gertatutako istripu batean izan dira hiru zaurituak. Ezkerreko erreian hiru autoek bata bestearen segidan talka egin dute Barakaldo inguruan.
Ezbeharra jazo den tokian auto-ilarak sortu dira Cantabria aldera, eta 13:30ean desagertu dira.
Bestalde, A-8 autopistan, Biriatun, auto-ilara handiak izan dira Frantzia aldera, 10:00ak baino minutu batzuk lehenago, eta 12:30ean eremu handiena izan dute; 12 kilometrotakoa. Auto-ilara horiek 15:00etan desagertu dira erabat.
A-8an, Barakaldo inguruan ere, auto-ilarak izan dira Cantabria aldera (Sestao eta Ugaldebieta bitartean) 13:30ean. Autopistako Zarautzeko (Gipuzkoa) bidesarian ere sortu dira, Frantzia aldera; auto-ilarak 2 kilometrotakoak izan dira eta 13:30ean desagertu dira.
Hala ere, Bizkaian, A-8ko errei-itzulgarria (Ugaldebieta eta Liendo bitartean) 10:00etatik 14:00etara jarri dituzte martxan. 3.983 auto igaro dira bertatik eta ez da jazoerarik egon.