Gizartea -
Zigorra
Gizonezko iruindar bat zigortu dute adingabe bati sexu-gehiegikeriak egiteagatik
Argazki sexual bat bidali zion sakelako telefonora, eta sexu-harremanak izatea proposatu zion 15 urteko mutiko bati.
agentziak | erredakzioa
Iruñerriko 38 urteko gizonezko bati 9 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote sexu-abusu delitu batengatik, 15 urteko mutiko bati gizonezko biluzi baten argazkia bidaltzeagatik eta sexu-harremanak izateko geratzea proposatzeagatik.
Fiskalak eta defentsak egindako akordio horren ondorioz, buruko desoreka aringarri gisa aitortu dute hein batean, baina ez osorik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.
Hori dela eta, auzipetuak ezingo du salatzailearengana gerturatu urtebete eta bederatzi hilabetez, eta mediku tratamendua jaso beharko du 18 hilabetez gehienez.
Ebazpenean agertzen denez, 2018ko abuztuaren 3an, auzipetua 16 bat urteko lagun talde batengana gerturatu zen futbolaz hitz egitera. Garai batean futbolean jokatzen zuela baina drogaren erruz utzi egin behar izan zuela azaldu zien, ondoren berriro futbolean jokatu nahi zuela gaineratzeko.
Gazteek esan zioten zein futbol taldetan joka zezakeen, eta adingabeetako batek bere burua proposatu zuen kudeaketa hori egiteko. Horregatik, telefono zenbakiak trukatu zituzten.
Minutu batzuk geroago, gizonak gizonezko baten argazkia bidali zion adigabeari, biluzik eta zakila tente zuen gizon batena, baina ez zitzaion aurpegia ikusten. Horrekin batera hainbat mezu bidali zizkion adingabeekin geratu eta sexu-harremanak izateko proposamenak egiteko.
Adingabearen aita izan zen gertatutakoa salatu zuena, adingabeari beldurra ematen baitzion auzipetuak.
Sexu-abusu hori gertatu zenean, auzipetuari desoreka eskizoafektiboa diagnostikatu zioten, anfetamina kontsumitzailea zen, eta bezodiazepinen mendekotasuna zuen. Horrek eragin zuzena izan omen zuen gizonaren jokabidean.