Gizartea -

Aste Santuan

Turismoak gora egin du berriro Euskadin

Donostiako turismo bulegoak iaz baino % 43,4 bisitari gehiago artatu ditu aurten. Bestalde, Bilbora % 24 turista gehiago etorri dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako hotelek % 90-95eko okupazioa izan dute Aste Santuko egunetan. Horrela, Donostiako Udalaren turismo bulegoak iaz baino % 43,4 bisitari gehiago artatu ditu aurtengo jaiegunetan.

Gipuzkoako hiriburuan turismoak gora egiteko arrazoietako bat "indarkeriarik ez egotea" dela azaldu dute Odon Elorza alkateak eta Enrique Ramos Turismo zinegotziak prentsaurrekoan.

Bisitarien etorrera "bikaina" izan da bost jaiegunetan, Ramosek azpimarratu duenez. Donostiako turismo bulegoak 6.603 lagun artatu ditu. Iaz, ostera, 4.605 lagun bisitatu zuten bulegoa.

Bilbo

Bestalde, Bilboko hotelak lepo egon dira Aste Santuan eta turismo bulegoek 10.000 lagun baino gehiago artatu dituzte, iaz baino % 24 gehiago, Udalak gaur argitaratutako balantzearen arabera.

Hotelak beterik egon ziren ostiralean eta larunbatean. Gainerako egunetan % 90ko okupazioa izan zuten.

Bilboko turismo bulegoak bisitatu dituzten lagunen % 62 espainiarrak ziren, % 16 euskal herritarrak eta % 22 atzerritarrak.

Azkenik, Gasteizen ere bisitarien kopuruak % 30 gora egin du. Turistek batez-beste 250-300 euro gastatu dituzte Arabako hiriburuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea