Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia ezarri dute eguerdira arte Gipuzkoan, prezipitazio handiagatik
Zenbait tokitan, batez ere ekialdean, metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke ordubetean.
EITB.EUS
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du gaurko Gipuzkoan prezipitazio handiagatik, Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez.
Abisua gauerditik eguerdira egongo da indarrean. Euskalmeten arabera, metro koadroko 15 litro baino gehiago pila daitezke ordubetean, batez ere ekialdean. Gauean eta goizeko lehen partean, prezipitazioa iraunkorra izan liteke, eta metro koadroko 40-60 litro pila daitezke ekialdeko toki batzuetan.
Asteazkenean, tenperaturak behera egingo du, eta euria espero da. Udazken itxura hartuko du eguraldiak; ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, hotz sentsazioa areagotuko du, eta zaparradak botako ditu nonahi. Goizean, ekaitzak ere jo dezake. Tenperaturak behera egingo du nabarmen, erdialdean eta hegoaldean bereziki; gune horietan tenperatura 10 ºC baxuagoa izan daiteke. Arratsalde-gauean, atertzera egingo du, eta baliteke arratsaldean mendebaldetik ostarteak zabaltzen hastea.
Ostegunean, hodeiak eta ostarteak izango ditugu berriro, eta tenperaturak gora egingo du. Giro nahasi samarra izango da; une batzuetan urdinguneak zabalduko dira eta beste batzuetan euri apur bat egin dezake. Arratsaldean, haizeak indarra hartuko du; kostaldean, ekialdetik joko du, eta barnealdean, berriz, hegoaldetik. Tenperatura maximoak igo egingo dira, eta 20 eta 25 ºC artean ibiliko dira.