Gizartea -
IKERKETA ABIAN
Hilketa matxista gisa ikertzean ari dira Ayamonten hilda agertu den bikotearen kasua
112 zerbitzuan abisua eman dute bizilagunek garrasiak eta laguntza eskeak entzun dituztela jakinaraziz. Guardia Zibila iritsi denean hilda aurkitu ditu emakume bat eta gizon bat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak ikerketa ireki du gaur goizean Ayamonten (Huelva) gertatu dena argitzeko. Kubatar jatorriko bikote bat hilda agertu da Costa Esuri zonalde turistikoko Jose de Espronceda kaleko bere etxean eta, lehen zantzuen arabera, indarkeria matxista kasu bat izan daiteke.
Hildako gizonak, E.L., 53 urte zituen eta Jornal do Algarve Portugalgo egunkariko kazetaria zen Kuba utzi eta Espainian bizi zenetik. Kuban Gobernuko funtzionarioa zen. Gaur egun Miamin editatzen dituzten disidentziaren egunkarietan idazten zuen. Bere emaztea, 40 urte ingurukoa, L.L., Ayamonte erdialdeko lore-denda batean aritzen zen lanean.
Bikoteak 4 urteko seme bat zuen eta amaren aldeko amonarekin geratu da umea.
Alberto Fernande alkateak baieztatu duenez, hipotesi nagusia indarkeria matxistarena da.
Ildo horretan, Jornal do Algarve egunkariak berak gaur arratsaldean jakitera eman duenez, bikotea bananduta zegoen. Gaur goizeko lehen orduan gizona emaztearen etxera joan da eta eztabaida ba izan dute. Egunkariaren arabera, hilketa baino ordu batzuk lehengo gizonak ondorengo mezua argitaratu zuen Facebooken: "Si tú caes, caigo contigo y nos levantamos juntos, ¿entiendes? Porque de eso se trata, mi amor, ayudarte y ayudarme a seguir adelante".
Gizona 07:30 aldera iritsi da eta ordubete geroago 112 zerbitzuak hainbat dei jaso ditu Jose de Espronceda kaleko etxebizitza batetik garrasiak eta laguntza eskeak entzuten zirela jakinaraziz.
Guardia Zibila bertaratu denean, hilda aurkitu ditu biak. Ikerketa iturrien arabera, labana bat zuen gizonak eskuetan eta mailu bat emakumeak.
___________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.