Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Mutil bat atxilotu dute Gasteizen adingabeko bikotekidea jotzeagatik
Atxilotuak indarra erabili zuen 16 urteko bikotekidearen aurka etxebizitzatik alde egin ez zezan, eztabaidan aritu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Erredakzioa
Ertzaintzaren agenteek 19 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Gasteizen tratu txarren edo genero indarkeriako kasu batengatik. Atxilotuak indarra erabili zuen 16 urteko bikotekidearen aurka etxebizitzatik alde egin ez zezan, eztabaidan aritu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.
Gertaerak atzo arratsaldean izan ziren, Gasteizko etxebizitza batean. Ertzaintzak dei bat jaso zuen esanez etxebizitza horretan genero indarkeriako jazoera bat gertatzen ari zela, zaratak eta oihuak entzuten zirelako.
Agenteak bertara heltzean, mutil batek ireki zien atea. Ertzainei erantzunez, gazteak ezer ez zela gertatu, gurasoak oporretan zeudela eta neska-laguna etxebizitzan zegoela esan zien. Ertzainak barrura sartu ziren eta neska bat aurkitu zuten sukaldeko terrazan oso larri eta urduri. Neskak agenteei kontatu zien eztabaidan aritu zela mutil-lagunarekin etxetik alde egin nahi zuelako eta utzi ez ziolako. Ertzainek ikusi zuten heltze-arrastoak zituela besoetan eta lepoan. Halaber, zarramazkak zituen hatz-koskorretan.
Gertatutakoaz galdetu ziotenean, neskak adierazi zien mutil-lagunak heldu egin zuela etxetik alde egitea eragozteko, eta zarramazkak horma batera erortzean egin zituela, mutilak bultzatu ondoren. Hori ikusita, ertzainek 19 urteko gizonezkoa atxilotu zuten genero indarkeriako ustezko delitu bategatik.