Gizartea -

'Maleta' operazioa

Lau gizon atxilotu dituzte EAEn inmigrazio ilegalaren aurkako operazio batean

Diru truke, Estatura sartzea eta ondoren EAEra iristea errazten zien etorkinei talde horrek. Batzuei Espainia eta Frantzia arteko muga igarotzen ere laguntzen zieten.

Lau pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, immigrazio ilegala bultzatzea egotzita

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 34 eta 41 urte bitarteko lau gizon atxilotu ditu astearte honetan Bilbon, Portugaleten eta Laudion, legez kanpoko inmigraziorekin zerikusia duen talde bateko kide izateagatik. Hain zuzen ere, dirua zuritu eta dokumentuak faltsutzen omen zituen talde kriminal horrek.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, iaz abiatu zuen Ertzaintzak 'Maleta' operazioa. Izan ere, Bilboko polizia-etxean maleta bat utzi zuten, autobus, tren, hegazkin eta itsasontzi txartelekin lotutako dokumentazioz beteta.

Halaber, agiri pertsonal faltsuak aurkitu zituzten etxebizitza batean, baita diru-transferentziak eta zenbait ibilgailuren dokumentazioa eta matrikulak ere. Gainera, muga igarotzeko ibilbideak ere bazituzten.

Horren gaineko ikerketa abiatu zutenean, inmigrazio ilegalarekin lotutako talde kriminal bat zela jakin zuen Ertzaintzak, eta urtebete geroago ondorioztatu du Estatura sartzea eta ondoren EAEra iristea errazten zietela atxilotuek etorkinei, diru truke. Batzuei, gainera, Espainia eta Frantzia arteko muga igarotzen ere laguntzen zieten.

Kasu batzuetan aurretiaz kobratzen zuten bidaia, beste zenbaitetan etorkinen sarrera finantzatzen zuten, eta iritsi nahi zuten herrialdera heldutakoan, zorra ordaintzen zuten.

Ertzaintzak esandakoaren arabera, urtebetean ehun bat lagun eraman dituzte Afrikatik Europara. Horren truke, 1.500 euro inguru jasotzen zituzten emandako zerbitzuengatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Portugalete Migrazioa Delituak Laudio Gizartea Eguneko albisteak Albisteak