Gizartea -
Indarkeria matxista
71 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon, emaztea jipoitzea egotzita
Emakumeari sudurra hautsi zion, eta biktima Basurtuko Ospitalera eraman behar izan zuten. Aurpegian jo, iletik tira eta logelako armairu baten aurka bota zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 71 urteko gizon bat atxilotu zuen astelehenean, Bilboko Ametzola auzoan, emaztea jipoitzea leporatuta. Emakumeari sudurra hautsi zion, eta ospitalera eraman behar izan zuten.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gizonak eguna etxetik kanpo igarotzera behartzen zuela azaldu zuen emakumeak salaketan. Antza denez, Bizkaiko hiriburuko etxebizitza partekatu batean bizi ziren, logela bakarrean. Dirudienez, gainerako maizterrek ez ikustea nahi zuen erasotzaileak.
Etxera 23:00ak baino lehen heltzeagatik behin baino gehiagotan astindu zuela erantsi du biktimak. Gainera, asteburuetan etxean egotea debekatu omen zion.
Astelehen gauean, logelara sartu zenean, ordua baino lehen heltzea aurpegiratu eta eraso egin zion gizonak. Aurpegian jo, iletik tira eta armairu baten aurka bota zuen.
Ukabilkada batek sudur-trenkada hautsi zion biktimari, odoljarioa eraginez.
Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen, genero indarkeria delitua egotzita. Biktima Basurtuko Ospitalera eraman zuen anbulantzia batek.