Gizartea -
BARTZELONA
Mataroko adin txikikoaren heriotza hilketa gisa ikertzen ari dira mossoak
Halaber, neskatoaren nebaren bila ari dira. Larunbataz geroztik ez dute haren berririk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Katalunian, Esquadra Mossoak homizidio edo hilketa gisa ikertzen ari dira igandean Mataron hilik aurkitu zuten 14 urteko neskatoaren heriotza. Hala ere, hipotesi guztiak zabalik daude. Bien bitartean, agintariak neskatoaren nebaren bila ari dira. Izan ere, larunbataz geroztik ez dute haren berririk.
Kazetarien aurrean egindako agerraldian David Bote Mataroko alkateak azaldu duenez, mossoek baieztatu diote hipotesi nagusia homizidioarena dela eta ez dutela oraingoz 17 urteko neba topatu.
EFE albiste agentziak kontsultatutako ikerketa iturrien arabera, autopsiaren atariko txostenak ez du heriotzari buruzko aukera bakar bat ere baztertzen.
Iturriaren esanetan, hipotesi guztiak zabalik dauden kasuetan gertatzen den bezala, Esquadra Mossoak homizidio kasu bat bailitzan egiten ari dira ikerketa.
Mataroko 3. Instrukzio Epaitegiko epaileak sumarioa sekretupean jarri du, autopsiaren behin betiko txostena eta Esquadra Mossoen atestatua jaso zain.
Nerabearen gorpua igandean, 22:00ak aldera, topatu zuten etxebizitza batean. Neskaren ama bidaian zegoen, eta lagun bati deitu zion seme-alaben berri ez zuela-eta etxebizitzara joateko eskatzeko. Horrek bizilagun bati eman zion abisu, eta azken hori sartu zen etxebizitzan. Adingabearen gorpua etxebizitzaren logeletako batean zegoen, lurrean, eta zauria zuen lepoan.
Bestalde, Mataroko Udalak elkarretaratzea deitu du 18:30ean udaletxe aurrean, hilketa gaitzesteko eta senideei babesa adierazteko.