Gizartea -
Salaketa
Euskadiko gurasoek ezin dute seme-alaben mugikorren gastua kontrolatu
Adicciones Digitales elkarteak salatu duenez, gurasoek aldez aurretik ezarritako diru muga gainditzean konpainiek ez dute seme-alaben telefonoen zerbitzua mozten. Horrek faktura handiak eragin ditu.
Erredakzioa
Adicciones Digitales elkarteak salatu duenez, Euskadiko gurasoek ezin dute euren seme-alaben telefono mugikorren gastua kontrolatu, haiek aldez aurretik ezarritako diru muga gainditzen dutenean, telefono konpainiek ez dutelako zerbitzua mozten. Elkarte honek teknologia berrien erabilerari buruzko sentsibilizazio kanpainak egiten ditu eta gazteei, irakasleei eta gurasoei zuzendutako hitzaldiak eskaintzen ditu.
Adicciones Digitales elkarteak baieztatu duenez, zehaztutako muga horretara heltzean telefono operadoreek abisu bat ematen dute, baina zerbitzua eten gabe, eta horrek diru kopuru handiko fakturak eragin ditu. Juan Romero elkartearen presidentearen hitzetan, "nahi eta ahal duguna gastatzearen alde gaude, baina ez gehiago, eta Botere Publikoek parte hartu egin behar dute. Operadore guztiak konbentzitu behar ditugu, bere konpromiso soziala bete eta gurasoei gastua kontrolatzeko eskubidea gauzatzen utz diezaieten".
Estatistikako Institutu Nazionalaren azken inkestaren arabera, 10 eta 15 urte bitartekoen % 74k dute telefono mugikorra Euskadin; Estatu osoan, bestalde, % 66,7k.