Gizartea -
Akordioa
Metro Bilbao eta ETSek Itelazpirekin akordioa sinatu dute
Akordio honekin, Itelazpiren telekomunikazio sarea erabili eta 2012 urtetik aurrera erakunde publikoak duen azken belaunaldiko azpiegitura erabilitzeko aukera izango dute sinatzaileek.
Erredakzioa
Akordio honi esker, CTB / Metro Bilbaok eta ETS / EuskoTrenek gaur egun dituzten sare mugikorrak aldatuko dituzte. Zaharkituta dauden eta mantentzeko zailtasunak dituzten sare horiek azken belaunaldiko sare berriengatik ordezkatuko dituzte. Itelazpik 2011 urtean egingo du aldaketa eta 2012an zerbitzua eskaintzen hasiko da.
Zerbitzu honekin, trenbide-kudeatzaileek zerbitzu publikoko bokazioa duen belaunaldi berriko komunikazioen azpiegitura baten onura jasoko dute. Era berean, TETRA sareak hartzen duen estaldura ia-ia erabatekoa da eta, horri esker, datuen aplikazio aurreratuak erabiltzeko aukera dago. Azkenik, alor publikoko beste komunikazio-sistemekin komunikatzeko aukera irekitzen da, baita trenbide-operadoreen artean ere.
Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta Eudelek 2008an sinatutako Hitzarmen-Markoaren barnean kokatzen da akordio hau. Bertan jasotzen dira euskal erakunde publikoek TETRA sarea erabili ahal izateko plangintza, ezarpena, lanak eta zerbitzuak.
TETRA sarearen helburua euskal administrazio publikoen zerbitzura egotea da. Horrela, erakunde publiko ezberdinek azpiegituraren sarea partekatu ahal dute eta jada zabalduta dagoen sarearen abantailez gozatu.
Itelazpiren TETRA sareak erakunde publikoetako agente ezberdinei mugikortasuna eskaintzen die interkomunikazio ekipoen bidez. Ahots-zerbitzuez gain, datuetako aplikazio aurreratuak erabiltzeko aukera eskaintzen du, hala nola ibilgailu edo agenteen taldeak bilatzeko aukera, urruneko puntuen telemetria eta telekontrola egiteko aukera edo terminaletik datu-baseetara sartzeko aukera.