Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Esther Erize: '15 urteko zigorra handia da, baina are puztuagoa izan zitekeen'
Nafarroako Lurralde Auzitegiko presidenteak La Manadako kideei Gorenak ezarritako espetxe zigorraz esan du ez dutela Gorenaren erabakia "haiek berretsitako epaiaren zuzenketa gisa hartu".
EiTB.EUS
Esther Erize Nafarroako Lurralde Auzitegiko presidenteak La Manada taldeko kideei Auzitegi Gorenak ezarritako espetxe zigorrari buruz hitz egin du Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketan.
"Larderiarekin eta taldean egindako bortxaketekin lotuta zehaztapenak egiten zebilen azkenaldian Gorena, beraz, Lurralde Auzitegiak eta Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak aldatzeko aukera zegoen", azaldu du.
Gorenaren iritzian, Fiskaltza eta akusazio partikularra erratu egin ziren, gertatutakoa talde bortxaketa gisa planteatu ez zutelako. Horrela egingo balute, kide bakoitza bortxaketaren egiletzat eta laguntzailetzat jo lezakete, eta horrek zigorra zorroztuko luke. Horrekin lotuta, Erizek aitortu du 15 urteko zigorra handia dela, baina "are puztuagoa" izan zitekeela.
Horren aurrean, zera adierazi du: "Amaierara iritsi garen honetan, hobetu beharrekoei buruzko gogoeta egiteko ordua da".
Hain zuzen ere, itxaropentsu agertu da Erize behin betiko epaiak epailetzaren eta gizartearen arteko arrakala itxiko duelakoan: "Garrantzitsua da iritzi sozialak eta doktrina jurisprudentzialen garapenak bat egitea". Dena den, gaitzetsi egin du Gorenaren erabakia Nafarroako Auzitegiak berretsitako epaiaren zuzenketa denik: "Ez dugu horrela ikusi. Lan egiteko modu ohikoa da. Azken emaitza ematen duen sistemaren parte da".
Azkenik, La Manadako kideen abokatu Martinez Becerraren jarreraz nabarmendu du "lan egiteko modu bat" dela. Erizek, baina, "gogoeta" eskatu dio Abokatuen Elkargoari "muturreko publizitatearen" harira.
Elkarrizketa Radio Euskadik egin du eta eitb.eus-ek euskaratu du