Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakume bati sexu-erasoa egin diote Sestaoko jaietan

Udalak jakinarazi du ustezko erasotzailea identifikatu dutela. Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu arratsalde honetan San Pedro Plazan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume batek sexu-erasoa jasan du asteburu honetan Sestaoko jaietan. Igandean jarri zuen salaketa Ertzaintzaren aurrean.

Sestaoko Talde Feministak sare sozialetan argitaratutako ohar bidez eman du gertakariaren berri. Erasoa herri-gunean izan zela zehaztu du.

Halaber, ordu batzuk geroago gizon batek eraso homofoboa pairatu zuela jakinarazi du. Bere sexu orientazioa dela eta, eraso fisikoak eta irainak sufritu zituela azaldu du.

Bi erasoak gaitzesteko elkarretaratzea deitu du arratsalde honetan (18:45) San Pedro plazan.

Bestalde, Sestaoko Udalak oharra kaleratu du herriko jaietan izandako sexu-erasoa salatu eta bere haserrea adierazteko. Ildo berean, ustezko erasotzailea identifikatuta dagoela jakinarazi du. Gizon batek jasan zuen eraso homofoboa ere gaitzetsi du.

Udal talde guztiek aho batez onartutako adierazpen instituzionalean horrelako erasoen konplize ez izateko eta erasoen aurrean tolerantziarik ez izateko eskatzen zaie herritarrei.

Sestaoko Talde Feministak antolatutako bilkurarekin bat egingo du Udalak eta bertan parte hartzeko deia luzatu du.

__________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Sestao Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa