Gizartea -

Forma-memoria

Forma-memoria duen material bat sortu dute poliuretanoz eta bakterio-zelulosaz

Bakterio-zelulosaren biosintesi-prozesua optimizatu du UPV/EHUko talde batek, elikagai-iturri gisa sagardogintzako hondakinak erabiliz.

Leire Urbina, Materialak+Teknologiak taldeko kidea. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Leire Urbina, Materialak+Teknologiak taldeko kidea
Leire Urbina, Materialak+Teknologiak taldeko kidea. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPV/EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko Materialak+Teknologiak taldeak eta Zelulen Biologia eta Histologia Sailak egindako lan batean, urak aktibatutako forma-memoria duen material bat sortu dute. Zelulosa bakterio-biosintesi bidez lortu dute, eta, mikroorganismoak elikatzeko, sagardogintzako hondakinez baliatu dira.

UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko Materialak+Teknologiak taldeak eta Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia Sailak egindako lan bat argitaratu du berriki Carbohydrate Polymers aldizkariak. Lan horren emaitza material hibrido eta biobateragarri bat izan da, forma-memoriaren propietateak ere badituena; hau da, "gai da jatorrizko formara itzultzeko kanpo-estimulu baten (kasu honetan, uraren) eraginez", azaldu du Leire Urbina Materialak+Teknologiak taldeko kide eta lanaren lehen egileak.

Ezaugarri hori izanda, materiala oso egokia da "aplikazio biomedikoetarako, hala nola sendagaiak modu kontrolatuan askatzeko, ehun-ingeniaritzarako eta abarrerako. Materiala deformatuta sar liteke gorputzean, eta zauri txikiko kirurgia baino ez litzateke egin beharko. Ondoren, gorputzeko hezetasunaren eraginpean, aktibatu eta jatorrizko formara itzuliko litzateke", dio ikertzaileak.

Bi osagai ditu material konposatuak. Lehenengoa poliuretanoa da, "horrek du forma-memoria", zehaztu du. Baina Urbina doktoreak bakterio-zelulosa nabarmendu du, erabilitako bigarren osagaia: "Oso zelulosa gutxi erabili genuen, % 2 baino gutxiago, baina nahikoa izan zen materialaren propietateak hobetzeko: zelulosari esker, materiala zurrunagoa eta iraunkorragoa da, eta jatorrizko formara itzultzeko gaitasun nabarmen handiagoa du".

Biobateragarritasun-azterketek ere emaitza onak eman dituzte, eta, horrenbestez, biomedikuntzan erabiltzeko modukoa ere bada.

Sagardo-hondakinen onurak

"Sagardogintzan, erabilitako sagarraren % 30 inguru hondakin bihurtzen da; hortaz, hondakinari balioa ematea da bakterioak hazteko karbono-iturri gisa erabiltzea, eta balio handiko materialak lortzen ditugu, gainera", nabarmendu du ikertzaileak.

Bakterio-polimeroen teknologiak duen erronka handienetako bati erantzuten dio hartutako neurri horrek. Izan ere, eskala handiko industria-ekoizpenetara iristeko, substratu gisa erabiltzeko karbono-iturri egoki eta merkeak aurkitzeko beharra dago, petroliotik eratorritako polimeroekin lehiatzeko modukoak izan daitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia