Gizartea -

Alardea

Milaka pertsonak hartu dute parte, normaltasunez, Irungo alardeetan

7:40ean abiatu da alarde tradizionala Urdanibia plazatik, eta 10:20ean atera da parekidea. Santano alkateak tradizionalari soilik egin dio harrera.

Alardea Irunen. Argazkia: Amaia Eneterreaga | Euskadi Irratia
Alardea Irunen.
Irungo bi alardeek jai-giroan eta arazorik gabe desfilatu dute

1:28

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alarde tradizionalak, 19 konpainiatan banatutako 8.000 soldadu eta 19 kantinerekin, eta alarde parekideak, 11 konpainiatan banatutako 1.800 pertsonarekin, normaltasun osoz eta jendetzaren babesean zeharkatu dituzte Irungo kaleak, San Martzial egun honetan.

Aurreko urteetan bezalaxe, Jose Antonio Santano alkate sozialistak tradizionalei bakarrik egin die harrera udaletxean, hau da, emakumeei soldadu gisa ateratzen uzten ez dieten konpainiei.

Denis Itxaso PSE-EEko kide eta Kultura diputatua bi alardeetan izan da ikusle, eta agintariei "zubi lanak" egitea eskatu die: "Egon daitezela bi alardeetan, nahiz eta bat edo bestea iruditu interesgarriago, zilegiago edo erakargarriago".

"Ordezkari politikoek zubi lanak egin behar dituzte", berretsi du. Itxasoren esanetan, "pedagogia" egin behar da, "bateragarriak" direlako. "Jendea zoriontsu eta alai ikusten dut, bateragarria da; modu naturalean egin dezagun, jai, bizikidetza eta parte-hartze parekidea bateragarriak izan daitezen, arazorik gabe", adierazi du.

Itxasoz gain, alarde parekideari babesa ematen izan dira Julia Hernandez Arartekoaren ondokoa, Izaskun Landaida Emakunderen zuzendaria, Oihana Etxebarrieta EH Bilduren legebiltzarkidea, Juan Karlos Izagirre koalizio abertzalearen bozeramailea eta Arantza Gonzalez Ezker Anitza-IU eta Elkarrekin Podemoseko kidea, besteak beste.

Izagirrek eta Etxebarrietak azpimarratu dute jaiak "egokitzen" ari direla "emakumeen parte-hartzea bermatzeko", eta Tolosa eta Antzuola jarri dituzte adibide gisa. Eskerrak eman dizkiete duela 21 urte alarde parekidearen alde lanean hasi ziren gizon-emakumeei, eta gogor kritikatu dute Santano, Markel Olano ahaldun nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria alarde parekideari babesa ematen ez egotea.

Irungo alardea.

Irungo alardea. Argazkia: EITB

Egitaraua

Alarde tradizionala 07:40 aldera abiatu da Urdanibia plazatik. Paco Carrillo jeneralak soldaduei egin die harrera, eta normaltasunez egin dute desfilea. Ohiko deskargen ostean, soldaduak elizara joan dira, ondoren berriro Urdanibiara itzuli aurretik.

Alarde parekidea, bestalde, 10:20ean atera da Urdanibia plazatik, eta inolako arazorik gabe eta ehunka pertsonaren babesean egin du desfilea.

Jai honekin, Irunek 1522ko ekainaren 30ean Frantziako soldaduei irabazi izana oroitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Albisteak Gaur Irun Gaurko azken orduko albistea Jaiak Matxismoa gaur Feminismoa Irungo alardea albisteak