Gizartea -
Etxegabetzeak
Arabako emakume bat etxegabetu nahi du Caixabankek, 1.700 euroko zor batengatik
Emakumeak fibromialgia dauka, eta % 42ko desgaitasuna. Etxegabetzea gehienez ere hiru hilabetez atzeratzea erabaki du epaitegi batek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
1.700 euroko zor batengatik, fibromialgia gaitza eta % 42ko desgaitasuna dituen Arabako emakume bat kaleratu nahi du Caixabankek. Epaitegi batek gehienez ere hiru hilabetez atzeratu du kaleratzea. Emakume horren aurkako demanda erretiratzeko eskatu dio Kaleratzeak Stop Araba elkarteak Caixabank banketxeari.
Elkarte horrek ohar baten bidez jakinarazi duenez, joan den ekainaren 12an epaitegi batek ebatzi zuen emakume horrek 1.700 euroko zorra zuela, azken hilabeteetako alokairua ordaindu ez baitzuen. Hortaz, emakumea kaleratzea erabaki zuen epaitegiak. Ostiral honetan, ordea, etxegabetze hori hiru hilabetez geldiaraztea erabaki du.
Emakumea ile-apaintzailea da, eta 2013an zazpi urteetarako alokairu-kontratua sinatu zuen La Caixako Obra Sozialarekin, Babes Ofizialeko Etxe batengatik. 2015ean fibromialgia diagnostikatu zioten, eta % 42ko desgaitasuna aitortu. Gainera, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Diru-Laguntza kendu zizkion Lanbidek duela urtebete, "saltzaile -lanpostua eskaini ziotela eta uko egin ziola argudiatuta, baina ez zituzten kontuan hartu lanpostuaren baldintzak eta emakumearen gaixotasuna".
Erabaki horren aurka salaketa aurkeztu zuen, baina diru-sarrerik gabe eta 523 euroko hileko alokairua ordaindu barik geratu zen.