Gizartea -
RENFE
'Hondartzarako trena' gaurtik aurrera izango da martxan Gasteiz eta Donostia artean
Trena, egunero ibiliko da bi norabideetan, gaurtik hasita irailaren 1era arte.
EITB.EUS
Renfek salmentan jarri ditu jada Gipuzkoara doan "hondartzarako trena". Zerbitzuak Gasteiz Donostiarekin lotzen ditu, eta egunero ibiliko da, bi norabideetan, gaurtik hasita irailaren 1era arte.
Renfek adierazi duenez, zerbitzu zabalagoa eta hobea izango da. Zerbitzua 449 serieko tren berriekin emango dute, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat toki bereziak eta egokitutako komunak dituzten trenekin. Halaber, aire girotua, eserleku etzangarriak, maletategiak, entxufea eta oin-euskarria aulkietan, irakurketarako argia eta bizikleten garraiorako esparrua ere badute tren horiek. Gainera, erabilera ezberdinetarako eremu bat du, eta janaria eta edaria saltzen duten makinak daude bertan. Tren bakoitzak 258 eserleku ditu.
Distantzia ertaineko tren hau Gasteiztik abiatuko da goizean, 08:57an, Agurainen egingo du geldialdia, eta 10:48an iritsiko da Donostiara. Donostiatik itzultzeko bidaia 19:57an izango da, eta 21:45ean iritsiko da Gasteizera. Larunbatetan, 20:40an irtengo da Donostiatik, eta 22:28an helduko da Gasteizera.
Gasteiz eta Donostia arteko joan-etorria egiteko txartelak 20,60 euroan izango dira salgai.
Txartelak geltokietan, bidaia agentzietan, autosalmentarako makinetan, 912 320 320 telefono zenbakiaren bidez eta www.renfe.com webgunean eros daitezke.
Oharra: Adif Astigarraga eta Irun artean hirugarren trenbidea egiteko egiten ari den lanak direla eta, Irunera joateko eta Irundik abiatzeko trena erabili nahi duten bidaiariek zerbitzu gehigarria izango dute Pasaia eta Irun artean, aldiriko trenetan eta Euskotrenen Topo linean.