Gizartea -
CYBERBULLYING
Espainiako hamar gaztetik zazpik lineako indarkeria pairatu zuten txikitan
Familiei laguntzeko, erakundeak eduki bereziak prestatu ditu, Gurasoen Gidaliburua, besteak beste.
EITB.EUS
Adingabeek teknologia berriez egiten duten erabilera eta jasaten duten lineako indarkeria azaltzeko, Indarkeria birala txostena argitaratu du Save the Children erakundeak. Horren arabera, hamar pertsonatik zazpik lineako indarkeria pairatu zuten txikitan.
Save the Childrenen galdetegiak jaso duenez, ziberjazarpena da indarkeria modurik ohikoena nerabeen artean. 529.000 gaztek sufritu omen zuten txikitan. Indarkeria mota hori 8 eta 9 urteen bitartean ematen da lehen aldiz, eta, kasuen % 45,8n, erasotzailea ikastetxeko kide bat edo lagun bat izaten da.
Save the Children erakundeak #ViolenciaViral kanpaina abiatu du umeek esparru digitalean pairatzen duten indarkeria ezagutzera emateko, eta Haurrekiko eta Nerabeekiko Indarkeriaren aurkako Babes Integraleko Lege Organikoa lehenbailehen onartzeko eskatu dio Gobernuari.
Galdetutako pertsonen erdiak baino gehiagok ez zuela erabilpen araurik edo gurasoen kontrolik ere salatu du erakundeak. Save the Childrenentzat oso garrantzitsua da familiek sare sozialak arduraz erabiltzearen alde jardutea eta seme-alabei arriskuen berri ematea. Familiei laguntzeko, Gurasoen Gidaliburua bezalako edukiak garatu ditu.
Gazteek gehien sufritzen duten beste indarkeria modu bat sexu edo indarkeria edukiak nahi gabe jasotzeko arriskua da. Mundu fisikoko eta birtualeko indarkerien arteko harremanaz eta elkarbizitzaz ere hitz egin dute txostenean.
Save the Childreni buruz
Save the Children mundu osoan haurren eskubideen defentsan ari den erakunde independente nagusia da, 100 urte daramatza ume guztien biziraupena, ikasketak eta babesa bermatzeko lanean, eta gaur egun 120 herrialde baino gehiagotan ari da.
Espainian ume ahulenak artatzeko programak bultzatzen ditu, pobrezia eta gizarte bazterketa jasateko arriskuan daudenei arreta berezia eskainiz.