Gizartea -

Gaur hil da 54 urterekin

Biografia: Severiano Ballesteros, golf jokalari handi baten historia

Inoizko golf jokalaririkonenetakoa 80ko hamarkadan iritsi zen kirol ibilbidearen gailurrera eta 2007an erretiratu zen hainbat garaipen lortu ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

80ko hamarkadak utzi duen inoizko golf jokalaririk onenetakoa joan da. Nick Faldo estatubatuarrak soilik gainditu du Severiano Ballesterosen palmaresa, eta bera da Europako Zirkuitoan garaipen gehien dituena, berrogeita hamar inguru; azkena 1995ean lortu zuen Espainiako Ireki batean.

Severiano Ballesteros pedreñarrak (Kantabria) traineruen mundua alde batera uztea erabaki zuen gaztetan, nahiz eta bere aita arraunean pertsonaia famatua izan zen. Golfean profesional mailan hasi eta gutxira, Britainia Handiko hiru Ireki irabazi zituen 1979an, 1984ean eta 1988an. Britainiarrek asko goraipatzen duten Ryder Cup txapelketan hainbat balentria ere egin ditu.

Horregatik, han, Ryder Cupen, 18 urterekin Britainiako Irekia lehenengoz jokatu zuen leku berean erabaki zuen 2007an golfa uzten zuela iragartzea. Ballesterosen bizitzako erabakirik "zailena" izan zen hori. Hilabete batzuk lehenago, "borrokan jarraitzeko" gogoa zuenez, "Champions Tour"eko abenturarekin saiatu zen, beteranoentzako zirkuitu amerikarrarekin, alegia.

Txikia zela hasi zen Severiano Ballesteros golfean jokatzen, bere osabak, Ramón Sotak, animatuta. 70eko hamarkadaren erdian lehertu zen kirol horretarako zuen grina; orduan anglosaxoien kirola zen. 1976an Royal Birkdalean elkartu zirenak liluratu zituen, "major" britainiarraren liderra izan baitzen hiru egunez, eta azkenean bigarren amaitu zuen txapelketa, Arnold Palmar mitoarekin berdinduta.

Han hasi zuen "Britisharekin" idilioa, eta ez zen amaitu hiru urte geroagora arte. Orduan, Royal Brikdal irabaztea lortu zuen inoizko golf jokalaririk gazteena izan zen. Handik urtebetera Augustan lehengo "Txaketa berdea" lortuta palmaresa handitu zuen; Ballesteros izan zen jantzi hori janzten zuen lehenengo europarra. 1983an berriro jantzi zuen; ordurako askorentzat munduko jokalaririk onena zen.

Edozein kasutan, Espainian oraindik nahiko ezezaguna zen golf jokalari kantabriarra. Denbora pasa zen kirolari moduan bere herrialdearen onarpena lortu zuen arte. 1984ean eta 1988an beste bi Britainiako Ireki irabazi zituen eta 1989an Kirolaren Asturiaseko Printzea Saria eman zioten.

Ballesteros Ryder Cup txapelketaren lider handienetakoa ere izan zen, hainbat errekor lortu baitzituen bertan. Bere parte-hartzearekin edo lidergoarekin, Europak 1985eko, 1987ko, 1989ko eta 1995eko edizioak ere konkistatu zituen. Modu horretan, 1997ko edizioko kapitaina izan zen.

Severiano Ballesteros beti saiatu da golfari itzultzen kirol horrek berari eman dion guztia. Espainian golfa finkatuta eta figura berriak agertuta (Manuel Piñero, Jose maria Cañizares edo Jose Maria Olazabal), bere ospea penintsulan zehar kirol hori zabaltzeko erabili zuen. "Seve Trophy" ere sortu zuen, Ryder eredua imitatzen zuen europarren eta britainiarren enfrentamenduarekin.

2007an jokalari profesional izateari utzi zion, hainbat garaipen lortu ostean. Erretiratu eta urtebetera, 2008an, garunean tumore bat diagnostikatu zioten eta ondorioz, lau ebakuntza egin behar izan dizkiote eta kimioterapia tratamendua jaso du. Gaur 2011ko maiatzaren 7a, goizaldeko 02:10ean hil da 54 urterekin Severiano Ballesteros Pedreñako (Kantabria) etxean, azken egunetan bere osasun egoerak nabarmen okerrera egin ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea