Gizartea -
Indarkeria matxista
Sei urteko espetxe-zigorra, Ermuan bikotekide ohia bi aldiz bortxatzeagatik
Bikotekide ohiarengana hurbiltzea eragozten zioten zigorrak zituen gizonak. Erasoak 2018ko martxoan gertatu ziren, eta 2016ra arte izan ziren bikote.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Lurralde-auzitegiak gizon bat zigortu du bikotekide ohia bi aldiz bortxatzeagatik. Genero indarkeriarekin lotuta aldez aurretik bost zigor ditu gizonak. Erasoak Ermuko etxebizitza batean gertatu ziren. Sei urte eta 11 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote. Era berean, zigorrak urratzeagatik kondenatu dute.
Epaiaren berri ostiral honetan eman dute. Bikotekide ohiaren sexu askatasuna behin baino gehiagotan urratzeagatik sei urteko espetxe-zigorra ezarri diote. Gainera, zaintzapeko askatasunean beste zortzi urte eman beharko ditu.
Era berean, zortzi urtetan zehar emakumearengandik 500 metro baino gutxiagora ezin izango da hurbildu, eta aldez aurretiko zigorrak urratzeagatik 11 hilabeteko espetxealdia jarri diote. Sententziari apelazio-errekurtsoa aurkezteko aukera dute aldeek.
Gizona 2018ko martxoaren 13an emakumearen etxera joan zen, Ermuan (Bizkaia). Bertan emakumea iraindu zuen, eta kable bati tira egiten zion bitartean "hil behar zuela", esan zion biktimari. Ondoren, emakumea lurrera bota eta bortxatu zuen. 2016ra arte izan ziren bikote, eta emakumearengana hurbiltzea eragozten zioten zigorrak zituen erasotzaileak.
Bi egun geroago, gizona bikotekide ohiaren etxera itzuli zen berriro; salaketa aurkeztu izana aurpegiratu zion, logelara eraman eta berriz bortxatu zuen.
Emakumeak, ordea, ihes egitea eta laguntza eskatzea lortu zuen. Ertzaintzak erasotzailea biluzik atxilotu zuen bikotekide ohiaren etxean.
Zigortua behin-behineko espetxealdian zegoen iragan urtetik, eta gertakariak onartu ditu.