Gizartea -

HEZKUNTZA

Eremu digitalak euskal kulturaren irakaskuntzan duen eragina aztertuko dute Donostian

Uztailaren 10ean eta 11an Donostian eskainiko duten 'Bikaintasuna Euskal Ikasketetan' udako ikastaroan, 13 adituk eremu digitalak euskal kulturaren irakaskuntzan duen eragina jorratuko dute.

'Bikaintasuna Euskal Ikasketetan' udako ikastaroaren irudia. Argazkia: Etxepare Euskal Institutua.
'Bikaintasuna Euskal Ikasketetan' udako ikastaroaren irudia.
'Bikaintasuna Euskal Ikasketetan' udako ikastaroaren irudia. Argazkia: Etxepare Euskal Institutua.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Teknologian eta hezkuntzan adituak diren irakasleek eremu digitalak euskal kulturaren irakaskuntzan duen eragina aztertuko dute, uztailaren 10ean eta 11an, Miramar Jauregian, Donostian, jakintza horietako eskolak ematen dituzten irakasleak heztea helburu duen ikastaroan.

Bikaintasuna Euskal Ikasketetan da ikastaroaren izena, eta Etxepare Euskal Institutuak antolatzen du, EHUko Udako Ikastaroen arduradunekin batera. Ikastaroaren gidaritzapean, Garbiñe Iztueta Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria egongo da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Etxparek 35 irakurlego ditu egun Euskaditik kanpoko unibertsitatetan. Horien artean, 30 irakaslek euskara eta euskal kulturaren beste hainbat alderdi irakasten dituzte. Irakurlegoak hezteko, Etxeparek hainbat ikastaro eta ekintza antolatzen ditu urtean zehar, eta horien adibidea da ‘Bikaintasuna Euskal Ikasketetan’.

Aipatutako helburu hori lortzeko, teknologian, hezkuntzan, hizkuntzalaritzan eta euskal kulturan adituak diren hainbat gonbidatuk hitzaldiak emango dituzte. Zenbait gai jorratuko dituzte, hala nola informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) hezkuntzan, kultura digitalizatua, tresna digitalak, euskal literatura eta artea aro digitalean.

Bederatzigarren edizioko irakasleak

13 adituk emango dituzte eskolak, ikastaroaren bederatzigarren edizioan, besteak beste, EHUko adituek: Iratxe Esparza, Izaskun Etxeberria, Itziar González, Miren Ibarluzea, Mikel Iruskieta eta Arantza Lauzirika.

Horiekin batera beste hainbat irakasle izango dira: Iker Arranz, Santa Barbarako irakaslea; Abel Camacho, Santurtziko Udal Euskaltegikoa; Ane Castelruiz, San Patricio ikastetxekoa; Iñaki López de Luzuriaga, Euskal Wikilarien Kultura Elkartekoa; Detmar Meurers, Tübingen Unibertsitatekoa; Amaia Orbe, Berlingo Freie Unibertsitatekoa; eta Xabier Paya kultur kudeatzailea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Donostiako informazioa Gaurko albisteak Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Azken kultur albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024