Gizartea -
Uholdeak Nafarroan
'Elkartasun uholdea' Tafallan, kalteak konpontzeko lanetan laguntzeko
Dendetatik, lokaletatik eta garajeetatik objektuak eta lokatza ateratzeko hondeatzaile txiki bat eskatu zuen Udalak, eta dagoeneko lau heldu dira Tafallara lan horretan laguntzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Zidakos ibaiak gainezka egin eta kalterik handienak Tafallan utzi zituen. Nafarroako herria pixkanaka-pixkanaka normaltasuna berreskuratzen ari da, suhiltzaileen, segurtasun indarren eta herritarren lanari esker. Era berean, herrira hainbat boluntario iritsi dira laguntzeko.
"Elkartasun uholde" batek ehunka boluntario Tafallara eraman ditu. Urak eta lokatzak etxebizitzetatik, garajeetatik eta lokaletatik atera zituzten hondakin eta objektu ugari kaleetatik kentzeko lanean suhiltzaileak laguntzen ari dira boluntarioak.
Dendetatik, lokaletatik eta garajeetatik objektuak eta lokatza ateratzeko hondeatzaile txiki bat eskatu zuen Udalak, eta dagoeneko lau heldu dira Tafallara lan horretan musu-truk laguntzeko, Jesus Arrizubieta alkateak asteazken honetan azaldu duenez. Herriko alderik kaltetuena "zero zona" bezala izendatu du agintariak.
Korronteak eramandako autoak garabiekin ateratzen jarraitzen du Udaltzaingoak. Korronteak kale batzuk ibai bihurtu zituen.
Tafalla erdialdeko bide batzuk itxita daude oraindik, ibilgailuak eta hondakinak kendu behar direlako, Udaltzaingoak jakitera eman duenez, baina sarbide guztiak zabalik daude jadanik.
San Frantzisko Xabier zaharren egoitza urak hartu zuen. Sukaldeak eta garbitokia berreskuratzeko lanean ari dira, funtzionatu barik jarraitzen baitute, baita igogailuak ere.
Adinekoen egoitzan bizi diren pertsonei elikagaiak eraman zizkieten asteartean. Asteazken honetan normaltasuna berreskuratzea espero dute.
Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen jarduneko ordezkaria udaletako ordezkariekin bildu da asteazken honetan. Larrialdi egoeratan eskura ditzaketen diru-laguntzen berri eman die Arastik udalei.
Bilera amaitu ondotik, ibaitik gertuen dagoen zonaldea "zero zona" dela esan die Tafallako alkateak komunikabideei, "eta pena ematen du".
Elkartasunak eta laguntza eskaintzak "ezustean" harrapatu ditu Tafallako herritarrak, Arrizubietak azpimarratu duenez: "Atzo kaleetatik pasa eta jende ugari zegoen bere pala eta erratzarekin, laguntzen, garbitzen; ikaragarria izan da eta kaltedunek beraiek nabarmendu dute".
Tafallako bizilagunak bakarrik ez, inguruko herri guztietako herritarrak eta Euskal Herriko hainbat txokotik hurbildu dira, batez ere jende gaztea, laguntzeko asmoz.
"Mundu guztiak gauza bera dio, jende gazteak elkartasun lezio bat eman digu Tafallan", azpimarratu du alkateak hunkituta.
Uholdeak gertatu zirenetik, "Nafarroako udal guztietatik deitu didatela uste dut, elkartasuna adierazteko eta behar dugun guztia eskaintzeko; eta kolore guztietako udalak izan dira. Horrelako tragedia batean ez dago sigla politikorik", goraipatu du Arrizubietak (EH Bildu).
"Harro diot, Udalean une honetan ez dago kolore politikorik, guztiak biltzen gara helburu bakarrarekin, Tafalla laguntzea", erantsi du alkateak. Kamioi txikiak behar dituztela zehaztu du buruzagiak. Boluntario "guztiak ongietorriak" direla gaineratu du, baina erratzak eta palak eramateko eskatu die.