Gizartea -

Indarkeria matxista

Goierriko enpresaburu bat zigortu dute langile bati sexu-abusuak egiteagatik

Gertakariak 2016an jazo ziren. LABek azaldu duenez, erasotzaileari bi urteko espetxe-zigorra ezarri berri dio Justiziak. Elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako (19:00) Legorretan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Legorretako (Gipuzkoa) elkarte feministak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, 19:00etan, 2016an 19 urteko behin-behineko langile bati egindako sexu-jazarpena eta abusuak salatzeko. Biktimak segurtasun enpresa batean egiten zuen lan, Goierriko lantegi batean. LAB sindikatuak azaldu duenez, erasotzailea, enpresaburua, orain dela gutxi zigortu du Justiziak. Bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote.

Erasoa jasan zuen emakumeari "elkartasuna eta babesa" adierazi dio sindikatu abertzaleak. Gertakariak salatzeko zailtasuna azpimarratu du LABek, "lan munduan indarkeria matxista gertatzen denean, are gehiago lan baldintza prekarioak direnean; izan ere, lanpostua galtzeko arriskua eta mehatxuak etengabeak dira".

Zentzu horretan, indarkeria matxista publikoki eta bide juridikotik salatzearen garrantzia nabarmendu du LABek: "Elkarri laguntza ematea, antolakuntza eta elkartasuna".

"Diskriminazioak modu antolatuan eta kolektiboan salatzeko" eskatu die sindikatu abertzaleak emakumeei. "Eraso bakar bat ere pasatzen ez utzi", erantsi du. "Diskriminazioa eta sexu-jazarpena saihesteko protokoloak martxan jartzea" eskatu die LABek enpresei.

Legorretako Udalak adierazpena onartu du, EH Bilduren eta EAJren akordioarekin. "Hurbileko enpresa batean gertatutako sexu-jazarpen eta abusu kasuarekin haserre eta atsekabea", azaldu du Udalak, eta biktimari "erabateko babesa" adierazi dio.

"Sexu-jazarpen eta abusu kasu hori ez da eraso bakana izan", azpimarratu du Udalbatzak testuan, "indarkeria matxistaren, muturreko desberdintasunaren eta eguneroko zapalkuntzaren beste adierazpen bat baizik". Udalaren ahotan, "emakumeen aurkako egiturazko indarkeria da".

Mugimendu feministak deitutako elkarretaratzearekin bat egin du Udalak, "indarkeria matxistaren aurkako mezua zabaltzeko".

Bestalde, Legorretako Udalaren adierazpenarekin bat egin du Gipuzkoako Aldundiak. Miren Elgarresta Berdintasun zuzendariak elkarretaratzean parte hartuko du. Beste adierazpen batean, gertakariak "irmo gaitzetsi" ditu foru erakundeak, eta biktimari eta haren ingurukoei "babesa" adierazi die. Gainera, elkarretaratzean parte hartzeko dei egin die Aldundiak herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa LAB Epaiketak Salaketak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Matxismoa Feminismoa Enpresaburuak Sexu erasoak Goierri azken ordukoa