Gizartea -
Uholdeak Nafarroan
N-121 errepidea berriro zabaldu dute Puiun
Behin-behineko pasabide bat jarri dute bi noranzkoetan. Hala ere, lanek datozen asteetan jarraituko dute.
Agentziak | Erredakzioa
N-121 (Iruñea-Tutera) errepidea berriz zabaldu dute arratsaldean; izan ere, behin-behineko pasabide bat jarri dute bi noranzkoetan. Astebete egon da itxita, uztailaren 8ko ekaitzak egiturari kalte egin ondoren.
Hala ere, NA-5110 errepideko bidegurutzea behin betiko eta bere osotasunean konpontzeko lanek jarraituko dute datozen asteetan, baina N-121 errepideko zirkulazioarekin bateragarriak izango dira.
Tafallako Kontserbazio Zentroak eta Erri Berri enpresak azkar egin dute lan asteburuan, eta zirkulaziorako plataforma jarri dute N-121eko 30. kilometroan. Uztailak 8ko denboraleak kalte handiak egin zituen bertan.
Era berean, beste errepide batzuk konpontzeko lanean ari dira, Leotzeko sarbidea esaterako. Behin-behineko errei bat zabaldu zuten iragan ostiralean.
Santsoaingo (Leotz) sarbideari dagokionez, NA-5163 errepidetik, Kontserbazio Zerbitzua lanean ari da, datorren astean behin-behineko pasabide bat ireki ahal izateko.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin hitz egin ondoren, ibaiaren ibilgua garbitzen eta prestatzen ari dira hormigoizko marko aurrefabrikatu batzuk jartzeko, gainean behin-behineko ibi bat eraiki ahal izateko. Hori zabaldu, eta zubi berria eraikitzen jarraituko dute, uholdeak azpiegitura zaharra guztiz txikitu zuelako.