Gizartea -
Indarkeria matxista
40 urteko zigorrak eskatu dituzte Arandinako 3 jokalari ohirentzat, sexu erasoengatik
Sexu askatasunaren aurkako delitua, bi sexu eraso eta 16 urteko neska bati sexu eraso "jarraituak" egitea egotzi diete guztiei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fiskaltzak 38 eta 40 urte bitarteko zigorrak eskatu ditu Arandina futbol taldeko hiru jokalari ohirentzat. Sexu askatasunaren aurkako delitua, bi sexu eraso eta 16 urteko neska bati sexu eraso "jarraituak" egitea egotzi diete guztiei.
Fiskaltzaren idatzian azaltzen denez, 24, 22 eta 19 urteko hiru futbolariak 2017ko abenduan atxilotu zituzten, erasoak gertatu eta hilabetera.
Gainera, akusazioaren idatziak dio hiru akusatuek telefono bidez eta sare sozialen bitartez hitz egiten zutela biktimarekin, batik bat WhatsApp aplikazioa erabilita. Hain zuzen ere, 2017ko irailean jarri ziren estreinakoz harekin harremanetan, nahiz eta aurretik ezagutzen zuten. Neskatoak 15 urte zituen orduan, eta hiru auzipetuen helburua harekin sexu harremanak izatea zen.
Azkenik, 2017ko azaroan, adingabea hiru futbolarien etxera joan zen, elkarrizketa bat izan ostean. Behin etxean sartuta, etxeko egongelan sexu harremanak izatera behartu zuten. Ondoren, erasotzaileetako batek logela batera eraman zuen, bertan ere sexua izan nahi zuelako, Burgosko Fiskaltzaren arabera.
Espetxe zigorrak ez ezik, debekatu egin diete biktimarekin hitz egitea eta harengana gerturatzea. Gutxienez, kilometro bateko distantzia gorde behar dute.
____________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.