Gizartea -
Adingabeak
Donosti Cupetik ihes egin duten haurren bila ari da Sierra Leonako Gobernua ere
Adingabeen arduradunak ez du haien berririk, eta senideekin jarri dira harremanetan informazio bila. Pasaporterik gabe egin zuten alde, eta bisa hilaren 30ean iraungiko da.
agentziak | erredakzioa
Sierra Leonako Gobernua "lan ona" egiten ari da Donosti Cup futbol txapelketan parte hartzen ari zirela ihes egin zuten adingabeak aurkitzeko, baina oraindik ez dakite non dauden, Anthony Seydo adingabeek Espainiako Estatuan duten arduradunak jakinarazi duenez.
Adingabeek jokatzen zuten futbol talde afrikarrak itxura ona eman omen zuen txapelketan, erakusten zuten poztasunagatik eta errespetuagatik, eta Gipuzkoako Batzar Nagusien diru-laguntza bati esker zeuden bertan, 4.000 euroko laguntza eman baitzuten talde hori eta bi talde palestinar ekartzeko.
Bi adingabeek ihes egin zutela jakin zuenean, Anthony Seydou bera izan zen Ertzaintzari jakinarazi ziona, eta Ertzaintzak ikerketa jarri zuen abian. Segurtasun Sailak azaldu duenez, hala ere, ez dute informazio baliagarririk eskuratu oraingoz.
Seydouk jakinarazi du Sierra Leonako Gobernua adingabeek Afrikan dituzten senideekin jarri dela harremanetan, haiek "informazioren bat" jaso ote duten jakiteko.
"Ez dugu harremanik agintari frantziarrekin, espainiarrekin ari gara lanean, baina badakigu Ertzaintzak badituela hartu-emanak", argitu du Seydouk, mutiko horien "segurtasunarekiko" kezka "muturrekoa" dela berretsi aurretik.
Seydouk gogorarazi duenez, kirol bisak dituzte gazteek, eta datorren hilaren 30ean iraungiko dira. Egun horretatik aurrera, adingabeak Atzerritarrei buruzko Legearen pean geratuko dira, "egon ezin diren leku batean egongo baitira, Schengen eremuan".
"Gainera, orain dokumentaziorik gabe daude, pasaporteak nik ditudalako. Soinean zutenarekin ihes egin zuten", zehaztu du Seydouk.