Gizartea -

Murtziako Gobernuaren esanetan

Gobernuak 18.000 eurorainoko laguntza emango die hildakoen senideei

- Gobernuak bi dolu egun deitu ditu Lorcan.

- Hiriko etxebizitzen erdia baino gehiago ez dira bizitzeko egokiak.

- Biktimen hiletak ostiralean izango dira, 11:00etan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernuak Lorcako lurrikaran hildako senideei 18.000 eurorainoko laguntza emango die, Alfredo Perez Rubalcaba lehen presidenteordeak jakinarazi duenez. Halaber, kalte materialei aurre egiteko laguntzak emango ditu Gobernuak; besteak beste, Lorcako Udalak larrialdiko gastuei aurre egiteko diru-laguntzak.

Lorcako lurrikararen biktimei laguntzeko Lege Dekretua onartuko du ostiral honetan Espainiako Gobernuak. Etxea galdu dutenei alokairurako diru-laguntzak emango dizkiete eta hainbat laguntza-fiskal onartuko dituzte. Rubalcabak iragarri ditu neurriok, Jose Luis Rodríguez Zapatero Espainiako presidentearekin Lorcako egoerari buruz eztabaidatzeko egin duen bileraren ostean. Lurrikarari erantzuna emateko plan berezia bihar onartuko dute, Ministroen Kontseiluan.

Gobernuak 18.000 eurorainoko laguntza onartu du hildako bederatzi lagunen senideentzat, eta larri zauritu direnentzat. Gobernuak, halaber, etxeen alokairurako laguntzak onartuko ditu beren etxera bueltatu ezin direnentzat.

Gobernuaren asmoa Udalarekin eta Murtziako Gobernuarekin ados jartzea da, kaltetutako eraikinen berregitea arintzeko.

Era berean, Kreditu Ofizialeko Institutuak (KOI) 25 milioi euro eskainiko ditu; Kaltetuentzat 2011ko ondasun higiezinen gaineko eta ekonomia jardueren gaineko zergak bertan behera utziko ditu Gobernuak. Halaber, ibilgailu berriak erosteko laguntzak onartu dituzte.

Bestalde, Gobernuak bi dolu egun deitu ditu, 00:00etatik aurrera, lurrikaran hil diren bederatzi pertsonen omenez.

Europako ondare hondamendirik handiena gertatu da Lorcan

Lorcako udalerriak Europako ondare hondamendirik handiena pairatu duela ziurtatu du gaur Pedro Alberto Cruz Murtziako Gobernuko Kultura kontseilariak. "Duela urte batzuk Asiseko (Italia) udalerriak beste lurrikara bat sofritu zuenetik, ez da halakorik gertatu", adierazi du kontseilariak. "Lorcako ondare historiko eta kulturala berreskuratzeko 20 urte behera etorri dira", Cruzek deitoratu duenez. Hala ere, "berriro altxatuko dugu", erantsi du.

Lurrikarak 36 milioi euroko kalteak eragin ditu, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoaren arabera. Bestalde, gaua kalean igaroko dutenak atzo baino kopuru txikiagoa izatea espero dute. Atzo, 20.000 afari prestatu zituzten, eta gaur, aldiz, 10.000 prestatu dituzte.

"Erkidegoaren, Udalaren eta Ministerioaren borondatea irmoa da", azaldu du kontseilariak prentsaurrekoan, "lankidetza izango da erakundeen artean eta Lorcako bizilagunek konfiantza izan behar dute, ondare aberatsa berreskuratuko dugulako".

Angeles Albert Kultura Ministerioko Ondare zuzendari nagusia prentsaurrekoan izan da. "Zoritxarrez, orain dela gutxi birgaitu ditugun eliza asko behera etorri dira lurrikararen ondorioz", adierazi du kontseilariak.

Osasun eta Kontsumo kontseilaritzaren azken datuen arabera, hiru lagun larri zauritu daude oraindik Virgen de la Arrixaca Ospitalean, 17 lagun artatu dituzte ospitale ezberdinetan, eta guztira 324 lagun zaindu behar izan zituzten kaleetan.

Lurrikaren ostean

Asteazken arratsaldeko lurrikara suntsitzaileen biharamunean, kaosa eta beldurra nagusi dira Lorcan (Murtzia).

Gaur goizean, biktimen kopurua bederatzira igo da, larri zegoen pertsona bat hil egin baita. Hildakoen artean 14 urteko mutil bat eta haurdun zeuden bi emakume daude. Gainera, osasun zerbitzuek 260 pertsona artatu behar izan dituzte, eta horietako bi oso larri daude oraindik.

20.000 eta 30.000 pertsona artean ezin izan dira etxera itzuli, eta guztira 90.000 bizi dira hirian, Francisco Jodar alkateak jakinarazi duenez.

Alkatearen arabera, kalteak zenbatzeko taldeak Espainia osotik heltzen hasi dira, eta dagoeneko lanean ari dira.

Espainiak azken 50 urteotan bizi izan dituen lurrikara larrienak izan dira. Adituen iritziz, lurrikaren sortutako kalte handiak epizentroa lurrazaletik gertu egoteak eragin ditu.

Lehenengo lurrikara, 4,4 gradukoa, 17:05ean jazo zen; eta bigarrena, 5,2 gradukoa, handik eta bi ordura. Harrezkero, 20 erreplika baino gehiago izan dira. Lehen bi dardarak Murtzia osoan eta alboko probintzietan nabaritu zituzten.

Ramon Luis Valcarcel Murtziako Gobernuko presidentea 10:00etan iritsi da Lorcara (Bruselan zegoen lurrikarak jazo zirenean), eta, ingurua bisitatu eta gero, hiriko etxebizitzen % 80k kalteak dituztela esan du. Nolanahi ere, eraikin horietako % 90ek ez dute kalterik egituretan, alkateak Radio Euskadin zehaztu duenez.

Murtziako Gobernuak hiru dolu-egun deitu ditu.

Lorcako etxebizitzen erdia baino gehiago ez dira bizitzeko egokiak

Orain arte 542 eraikuntza aztertu dituzte teknikariek. Horietatik % 44 bizitzeko egokiak dira eta fatxadetan zirkulu berde bat dute "sar daitekeela" adierazteko. % 39k seinale "horia" dute, ondorioz, bizilagunak tresnak hartzeko bakarrik sar daitezke horietan. Aztertutako etxebizitzen % 17k zirkulu gorria dute eta bertan sartzea guztiz debekaturik dago

Francisco Garcia Lorcako Hirigintza zinegotziaren hitzetan, 100 teknikari baino gehiago hirian kaltetutako eraikinak aztertzen ari dira 11:00etatik, atzoko lurrikararen ondorioak aztertzeko.

Guztira, eraikinen ehuneko hamarrek kalte handiak jasan dituzte.Armadak hiru kanpaleku ezarri ditu etxetik kanpo dauden milakabizilagunek aterpea izan dezaten.Agintariek ez dute baztertzen oraindik ere norbait hondakinen artean harrapatuta egoterik.

Zapaterok bermatu egin ditu hiria berriz eraikitzeko lanak

Diputatuen Kongresuan egindako agerraldi batean, Zapaterok lasaitasun mezua helarazi nahi izan die Lorcako biztanlei, eta nabarmendu du Gobernuak ez duela "esfortzu ekonomikorik" aurreztuko hiria berriz eraikitzeko lanetan.

Bihar, Ministroen Kontseiluak lehen neurriak onartuko ditu, eta ondoren, Zapatero Lorcara joango da.

Hileta elizkizunak, ostiralean, 11:00etan

Jose Manuel Lorca Plana Cartagenako gotzaiak egingo ditu biktimen hileta elizkizunak bihar, ostirala, 11:00etan. Bertan izango dira Asturiaseko printze-printzesak eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidentea, besteak beste.

Hil-kapera Lazaro Soto Tanatorioan dago eta 18:00etan zabaldu dute.

Kaltedunentzako telefono zenbakia: 900 117 816

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea