Gizartea -
Kanpaina negatiboa
Google konpainiari kalte egiteko egitasmo bat zuen Facebookek
Sare sozialak harreman Burson-Marsteller publikoetako agentzia kontratatu zuen kazetarien, adituen eta blogarien arreta desbideratzeko.
Erredakzioa
Facebook sare sozialaren kanpaina ezkutua jakitera eman du Interneteko aditu batek. Google konpainiaren datuen kudeaketa kritikatzen zituzten kontakizunak sustatzen zituen sare sozialak komunikabideetan, Google-en irudi publikoari kalte egiteko, The Wall Street Journal egunkariak gaur argitaratu duenez.
Burson-Marsteller harreman publikoetako agentzia kontratatu zuen sare sozialak kazetarien, adituen eta blogarien arreta desbideratzeko.
Silicon Valleyko bi konpainia erraldoi horien arteko lehia handia azaltzen du estrategia horrek. Une honetan, Facebook sare sozialak hedapen zabalagoa lortu nahi du eta Google konpainiak sare sozialen esparruan sartu nahi du.
Chris Soghoian pribatutasun adituak plana jakitera eman du. Harreman publikoetako agentzia horren posta elektronikoak jaso zituen Soghoianek, Google-i buruz idazteko dei eginez.
Burson-Marsteller
Bere bezeroa nor zen argitzeko eskatu zion Burson-Marsteller agentziari Soghoianek, baina enpresak uko egin zion eta informazioa publikoa zela argudiatu zuen.
"Google-en arazoak zeintzuk diren oso ondo dakizkit eta hau ez zegoen zerrendako aurreneko hamarren artean", adierazi du Soghoianek. Burson-Marsteller agentziarekin izandako posta elektronikoen elkartrukea erakutsi du adituak Interneten. Mark Zuckerbergen enpresarentzat lan egiten zuela onartu du harreman publikoetako agentziak.
Bestalde, "difamazio-kanpaina" bat egiteko baimenik eman ez zuela ziurtatu du Facebook sare sozialak.