Gizartea -
Indarkeria Matxista
Gizon batek 10 urteko semea hil du Murtzian, eta ondoren bere buruaz beste egin du
Etxean sartu aurretik, gizonak jokabide suizidaren bat izan zuela ohartarazi zieten haren senideek segurtasun indarrei.
Agentziak | Erredakzioa
39 urteko gizon batek 10 urteko semea hil du Beniel (Murtzia) herrian, eta, ondoren, bere buruaz beste egin du. Emazte ohiarekin partekatuta zeukan adin txikikoaren zaintza.
Ekainaren 19an, Murtziako emakumeen aurkako indarkeriako 2. epaitegiak lau hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion gizonari urruntze agindua urratzea egotzita. Zigorra bertan behera gelditu zen defentsak hala eskatuta.
Ikerketako iturriek jakitera eman dutenez, udalerri horretako Udaltzaingoak dei bat jaso zuen atzo arratsaldean, gizonak ez zuelako bisiten erregimena bete. 20:30ean eman behar zion semea amari.
Udaltzainak gizonaren etxebizitzara bertaratu ziren, eta atea barrutik itxita zegoela egiaztatu zuten. Hala, sarrailagile baten laguntzarekin ireki zuten atea.
Etxeko pasilloaren eta komunaren artean topatu zuten semearen gorpua, odolez inguratuta. Sukaldean, berriz, aitaren hilotza aurkitu zuten, urkatuta.
Etxean sartu aurretik, gizonak jokabide suizidaren bat izan zuela ohartarazi zieten haren senideek segurtasun indarrei.
Guardia Zibila ere lekura hurbildu zen, ikerketaz arduratzeko, iturri berberek adierazi dutenez. Ustezko parrizidak ekainean ezarritako urruntze-agindua hautsi zuen, eta aurrekariak zituen tratu txarrengatik.
Guardiako epaitegiaren eginkizunetan diharduen Murtziako Instrukzioko 8. zenbakiko Epaitegiko epaileak aurretiazko eginbideei hasiera eman die hilketa delitu batengatik.
Carmen Moreno Benieleko alkatearen esanetan "zerbait ez dabil ondo" ume hori bizirik ez egoteko. Benieleko udaletxeko plazan isileko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian. Bertan, haurraren ama zein beste senide batzuk izan dira.
"Egoera hori behin eta berriro errepikatzeko gaizki egiten ari garen horretaz hausnarketa egin behar dugula uste dut", esan du alkate sozialistak bikote edo bikotekide ohien esku hiltzen diren adin txikien heriotzen harira.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.