Gizartea -
Indarkeria matxista
Arandina auziko herri-akusazioak 130 urtera igo du hiru auzipetuentzako zigor-eskaera
Clara Campoamor Elkarteak ordezkatzen duen herri-akusazioak sexu-askatasunaren aurkako hiru delitu, bi sexu-eraso eta sexu-abusuen delitu jarraitua leporatzen die auzipetuei.
Agentziak | Erredakzioa
Clara Campoamor Elkarteak ordezkatzen duen herri-akusazioak 130 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigor eskaera egin du Arandina futbol taldeko hiru jokalari ohirentzat. 16 urteko neska bati sexu-erasoa egitea leporatuta epaituko dituzte hiru auzipetuak.
Behin-behineko idatziaren arabera, herri-akusazioak 43 urte eta sei hilabeteko espetxealdia eskatu du R.C.H., C.C.S. eta V.R.R. jokalarientzat, sexu-askatasunaren aurkako hiru delitu leporatuta. Horrez gain, bi sexu-eraso eta sexu-abusuen delitu jarraitua egitea egotzi die.
Zehazki, sexu-askatasunaren aurkako delitua egotzita, 20 hilabeteko zigorra eskatu du herri-akusazioak auzipetu bakoitzarentzat. Antza denez, sare sozialen bitartez adin txikikoarekin hitzordua hitzartu zuten, sexu-harremanak izateko helburuarekin.
Halaber, 15 urteko zigorra eskatu du R.C.H.-rentzat, sexu-abusuen delitu jarraitua egitea egotzita, eta beste 15 urtekoa beste bi jokalari ohientzat, sexu-erasoa leporatuta.
Azkenik, Clara Campoamor Elkarteak 13 urte eta bost hilabeteko bi zigor eskatu ditu (26 urte eta hamar hilabetekoa, beraz) auzipetu bakoitzarentzat, sexu-eraso delituetan laguntzaile izatea egotzita.
Gainera, auzipetuei biktimarengandik 52 urtez urruntzeko agindua ezartzea eskatu du herri-akusazioak, baina behin-behineko idatzian ez du biktimarentzat inolako kalte-ordainik eskatzen.
Zigor horiek Fiskaltzaren eskaera handitzen dute, uztailaren 17an egindako idatzian 38 eta 40 urte bitarteko zigorrak (118 urtekoak, guztira) eskatu baitzituen Arandina futbol taldeko hiru jokalari ohi horientzat.
____________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.