Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek emaztea hil du Kantabrian
Senarra zirkulazio istripuan hil da; haren heriotzaren berri ematera joan eta bikotearen etxean sartu direnean, guardia zibilek emakumearen gorpua aurkitu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak emakume baten gorpua topatu du astelehen honetan, Escalanten (Kantabria). Senarra zirkulazio istripuan hil da. Gizonak emaztea labanaz hil duela ematen du, eta kasua indarkeria matxista bezala ikertzen ari dira.
52 urteko emakumeak ez du tratu txarrik salatu, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen Ordezkaritzak agiri batean jakitera eman duenez.
55 urteko ustezko hiltzailea zirkulazio istripuan hil da 17:40 aldera, CA-460 errepidean, zuhaitz baten kontra talka eginda.
Senarraren heriotzaren berri ematera joan eta bikotearen etxean sartu direnean, guardia zibilek emakumearen gorpua aurkitu dute: arma zuri batekin egindako zauriak zituen, eta odol putzu baten alboan zegoen.
Gizonaren gorpuak ere arma zuri batekin egindako zauriak zituen, ezbeharraren ondotik gorpua altxatzera joan direnean egiaztatu ahal izan dutenez.
Bikotea Zaragozakoa zen, baina Escalanteko (Kantabria) San Roque auzoan bizi zen.
Genero indarkeria kasu berri bat dela baieztatzen baldin badute, dagoeneko bikotekideek edo bikotekide ohiek 36 emakume hil dituzte aurten Espainiako Estatuan; 1.010 dira guztira 2003an biktimak zenbatzen hasi zirenetik.
_________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.