Gizartea -
Lurrikara Murtzian
Lorcako familia asko etxera itzuli dira
- Eraikuntzen % 48 bizitzeko egokiak dira, % 40tan arriskua dago eta % 12 ez dira bizitzeko egokiak.
- 3.000 pertsonak elkartasuna agertu diete hildakoen senideei hiletan.
Erredakzioa
Lorcako eraikuntzen azterketa gaur amaitzea espero zuten eta familien erdiak gaua euren etxeetan pasa ahal izango duela esan dute agintariek arratsaldean.
Iragan asteazkeneko 4,4 graduko lurrikarak eta 5,1 graduko erreplika indartsuagoak 35.000-40.000 kaltedun utzi zituzten, Udaleko lehen zenbaketen arabera. Kaltedunak pixkanaka-pixkanaka eguneroko ohikeriara itzuliko dira. Hala ere, tragediak bederatzi hildako eta 300 zauritu utzi ditu.
Jose Ballesta Herri-lanetako kontseilariak azaldu duenez, eraikuntzen eta etxebizitzen azterketa gaur amaitu dute. Arratsaldean, 26 zonetako informazioa zuten agintariek eta 1.374 eraikuntza aztertu dituzte.
Aztertutako eraikuntzen % 48 bizitzeko egokiak dira (berdea), % 40tan arriskua dago (horia) eta % 12 ez dira bizitzeko egokiak (gorria), baina zeintzuk eraitsi beharko dituzten ez dute oraindik zehaztu.
Hilabeteak kanpamentuetan
La Viñako auzoan larrialdi zerbitzuek prestatutako hiru kanpamentuetan hilabeteak emango dituzte 2.000 bat bizilagunek, Udalaren esanetan. La Viña auzorik kaltetuena izan da eta dagoeneko ''herri mamua'' deitu diote. Zonan kaltetutako eraikuntza askok bost urte baino ez dituzte.
Hitzarmen berriak iragarri ditu Zapaterok
Hiria berreraikitzeko eta "etxebizitzak birgaitzeko" hitzarmen berriak sinatuko dituzte Estatuak eta Murtziako erkidegoak, Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak iragarri duenez. Ministroen Kontseiluak onartutako neurriak azpimarratu ditu agintariak eta lurrikara "hondamendi handia" izan dela erantsi du.
Hileta-elizkizunak
Senideek, agintariek eta Lorcako (Murtzia) bizilagunek azken agurra eman diete gaur goizean asteazkeneko lurrikaren ondorioz hildakoei.
Orotara, 3.000 pertsona inguru izan dira hiletetan, besteak beste Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea eta Asturiasko printze-printzesak.
Ekitaldiak ordubete iraun du, eta Jose Manuel Planes Cartagenako gotzainak zuzendu du, Santa Quiteriako azoka-esparruan.
Hiletan lau hilotz baino ez dira izan. Izan ere, beste bost biktimen familiek elizkizun pribatuak egitea nahiago izan dute.
Ekitaldia hasi baino lehen, Felipe eta Letizia printze-printzesak hildakoen senideengana hurbildu dira, eta elkartasuna adierazi diete.
Zapatero eta printze-printzesak ez ezik, beste hainbat agintari ere izan dira hiletan, hala nola Ramon Luis Valcarcel Murtziako presidentea, Francisco Jodar Lorcako alkatea, Francisco Camps Valentziako presidentea eta Soraya Saenz de Santamaria PPko bozeramailea.
Hileta hasi baino lehen, Zapaterok Lorca berriz eraikitzeko hitzarmenak iragarri ditu.
Kaltedunentzako telefono zenbakia: 900 117 816